XVII. Nazioarteko Estropadak: informazio praktikoa

Karkara 2018ko mai. 5a, 14:40

Argazkia: Joxemari Olasagasti

Gaur arratsaldean XVII. Nazioarteko Estropadak jokatuko dira Orioko errioan. Estropadei buruzko informazio praktikoa ekarri dugu webera.

Ordua: 19:00

Lekua: Orioko errioa

Estropada eremua: Anibarko Portu paretik zubiraino, 500 metro. 

Taldeak: Aviron Grenoblois (Frantzia), R.C. Labradores (Espainia), S.C. Caminhense (Portugal), Hondarribia A.E. eta Orio A.E. (Euskal Herria).
Talde guztiek gizonezkoen eta emakumezkoen tripulazioak uretaratuko dituzte; Hondarribia A.E.-ek gizonezkoena soilik. Beraien partez, emakumezkoetan Grenobleko bi talde izango dira lehian.

Modalitateak: Aulki mugikorra. Zortzikoa (gizonezkoak) eta laukoa (emakumezkoak).

Txanda azkarrak: Txalupa guztiek 500 metroko lau txanda jokatuko dituzte, eta bakoitzean bost tripulazio arituko dira lehian. Emakumezkoen eta gizonezkoen txandak aldika jokatuko dira. Txanda bakoitzak minutu eta erdiko iraupena izango du, gutxi gorabehera. 

Kale zozketa: Lehen estropadako kaleak zozketa bidez izendatuko dira, baina txanda bakoitzean, tripulazioak erlojuaren noranzkoan aldatuko dituzte kaleak. Honen helburua kaleen arteko aldeek emaitzan ahalik eta gutxien eragitea da.

Sailkapena: Estropadaren sailkapen orokorra erabakitzeko ez dira txanda bakoitzeko denborak kontuan izango, puntuak baizik. Txanda bakoitzean 1,2,3,4 edo 5 puntu lortuko dituzte taldeek.
Amaieran, berdinketarik balego, azken txandako emaitzari balio gehiago emango zaio talde irabazlea nor izan den erabakitzeko.

Marea koefizientea: Larunbatean marea nahikoa hilak izango direnez, estropada eremu neutrala izatea espero dute antolatzaileek. 20:10etan izango da itsasgora.

50. Urteurrena: Aurten 50 urte bete dira Orion lehen Nazioarteko Estropadak egin zirenetik. 1968. urtean antolatutako estropadan, Orioko zortzikoa Oxford arraun talde ezagunari gailendu zitzaion. Azpikaldean sartu dugun txuri-beltzeko bideo kuriosoan, ederki ikusten da estropada egun hartan herrian izan zen giroa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide