Sara Iparragirrek IDK Gipuzkoa taldean jarraituko du datorren denboraldian

Karkara 2018ko mai. 4a, 09:00

Argazkia: FEB

Saskibaloi jokalari oriotarrak urtebete gehiagoz jarraituko du Azu Muguruza entrenatzailearen aginduetara.

IDK Gipuzkoa saskibaloi taldea datorren denboraldirako jokalari zerrenda zehazten ari da egun hauetan. Aste honetan jakinarazi dutenez, Sara Iparragirre oriotarrak donostiarrekin jokatzen jarraituko du beste denboraldi batez. Datorrenarekin, oriotarraren hirugarren sasoia izango da IDK Gipuzkoa taldean. Orioko jokalari gaztea, partidaz partida, minutuak irabazten joan da. Aurtengo denboraldian, ligako 20 partida jokatu ditu. Erreginaren kopan ere parte hartu zuen, eta titulua irabazteko jokatutako play off-etan ere bai.

Kontratua sinatu berritan, Iparragirre gustura agertu da. Aurten taldekide izan dituen jokalari batzuk berarekin izango dituela jakiteak ere poza ematen dio. Adierazi duenez, taldeko arduradunek aurtengo blokea mantendu nahi dute datorren denboraldirako.

IDK Gipuzkoa taldearentzat aurtengoa denboraldi bikaina izan da, eta datorrenean antzeko taldea izango dutela kontutan hartuz, sasoi berriari anbizioz helduko diola adierazi du Iparragirrek. Udari begira, 20 urte azpiko Espainiako selekzioarekin Europako txapelketa jokatzeko aukera izan dezake oriotarrak; oraindik ez daki nazioartean jokatzera deituko duten edo ez.


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide