Arkitekto tekniko bat kontratatzeko prozedura abiatu du udalak

Karkara 2018ko api. 24a, 16:17

Arkitekto teknikoa kontratatzeko lehiaketa bidezko prozesua abiatu du udalak. Lanbideren bidez egingo dute lan eskaintza, eta interesa dutenek izena eman beharko dutela azaldu dute.

 

Denbora osoko kontratua izango da, eta, hasiera batean, bi hilabete iraungo ditu. Hala ere, baja bat estaltzeko kontratua denez, beharren arabera luzatu ahal izango dela jakinarazi dute.

Hainbat ardura bete beharko dituzte hautagaiek. Esate baterako, udal zerbitzuen kudeaketa eta jarraipena; bide, eraikin eta azpiegitura publikoetan sustatzen diren obra txikiak zuzentzea; brigadaren eginbeharrak zehaztea; pleguak idaztea; obra txikien baimenak aztertzea edota hirigintza sailari laguntza teknikoa ematea.

Hautagaiek arkitekto tekniko edo indarrean dagoen legerian horren parekoa den titulua aurkeztu beharko dute, baita 3. HE edo baliokidea den hizkuntza eskakizunaren tituluak ere.

Administrazio publikoan antzeko funtzio eta ardurak bete izana eta enpresa pribatuan, administrazio publikoari hirigintza gaietako aholkularitza eta kudeaketa zerbitzuak eman izana baloratuko dituztela jakinarazi dute udaletik. Prestakuntzari dagokionez, aldiz, lanpostuarekin zuzeneko lotura duten ikastaroak egin izana kontuan hartuko dute.

Balorazioa egin ondoren, lanpostuaren arduren inguruko elkarrizketa praktikoak egingo dituzte. Hautagaien kopurua handia izanez gero, merezimenduen atalean puntuazio handiena dutenak soilik elkarrizketatzea erabaki dezake epaimahaiak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide