Aurtengoa ospakizun ikasturtea izaten ari da Zaragueta Herri Eskolan. Irailean berrogei urte bete ziren ikastetxeak lehen ikasle taldea euskara hutsean hezi zuenetik, eta ikasturte osan zehar, jarduera programa zabala izan dute.
Urteurreneko ospakizunei herri bazkariarekin emango diote amaiera eskolan, apirilaren 21ean, larunbatarekin. Ikastetxeak festan parte hartzeko gonbita luzatu die urte guzti hauetan Zaragueta eskolako komunitatea osatu dutenei: ikasleak, irakasleak, gurasoak, laguntzaileak...
Bazkalaurreko tarterako, kantu-poteoa ere antolatu dute, Benta Zaharreko Mutiko Alaiek girotuta. Bazkalosteko kantu-festan ere izango da beraien konpainia.
Bazkarian babarrunak zerbitzatuko dira sakramentu guztiekin, eta postrean gazta eta irasagarra. Edateko sagardoa egongo da barrikotean. Izena emateko epea martxoaren 26tik apirilaren 16ra bitartean izango da zabalik Zaragueta Herri Eskolan bertan, Kultur Etxean, Uranga burdindegian eta Kolon Txiki tabernan. Bazkaritarako txartelek zazpi euroko kostua izango dute.