Martxoak 8

Jendetza atera da kalera "Emakumeok planto!" lelopean

Karkara 2018ko mar. 8a, 20:54

Xaltxerak talde feministak egindako deialdiak aspaldiko mobilizaziorik handiena eragin du Orion, eta herritar mordoa atera da kalera parekidetasunaren aldeko aldarria zabaltzera.

Herriko plazan hasi da mobilizazioa, arratsaldeko zazpiretan. Bertan jendetza bildu ostean, herritarrek buelta egin dute herrian zehar, emakumearen aldeko borrokaren eta parekidetasunaren aldeko oihu ozenak eginez. Sukaldeko tresna eta txistuekin egindako zalaparta ere nabarmena izan da.

Kaleko buelta plazan amaitu ostean, Orioko Xaltxerak talde feministako ordezkariek testu hau irakurri dute mobilizazioa amaitu aurretik:

Arratsalde on denoi!

Bada zerbait gaurko martxoaren 8a berezi egiten duena; izan ere, aurtengo honetan ohiko "Emakumearen Nazioarteko Eguna" izateaz gain, greba deialdia egin da "Emakumeok planto!" lelopean. Hau iaz sorturiko mugimendu bat da, Latinoamerikatik datorrena, emakume askok jasandako sexu erasoen ondorioz "Ni una menos" mugimenduaren inguruan sortua.

Mundu mailako greba da. Badakigu herrialde bakoitzean emakumearen egoera desberdina dela. Nolabait, gaur hemen bildu garen emakumeok egoera sozioekonomiko hobean gaude munduko beste hainbat lurraldetakoekin alderatuz. Horretaz gain, gaur, hemen gurekin egon eta planto egiteko aukerarik izan ez duten emakume ugari dago, beren egoera prekarioa dela-eta.

Dena den, borroka berak batzen gaitu; guztiok jasaten ditugu maila ezberdinetan bada ere gizarte patriarkal eta sexista honen ondorio negatiboak eta horrekin amaitzera gatoz.

Urteko 365 egunak bilakatu ditzagun "Martxoak 8". Gora borroka feminista!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide