Martxoak 8

Herriko ikasleek parekidetasunaren aldeko aldarria zabaldu dute

Karkara 2018ko mar. 8a, 11:43

Gaur, Emakumearen Nazioartearteko Egunean, Orioko ikastetxeetako ikasleek parekidetasunaren aldeko ekimena egin dute herriko plazan.

Goizeko hamarretan, Orioko ume eta gaztetxoek herriko plaza hartu dute, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna aldarrikatzeko. Jendetsua izan da ekitaldia.

Ikasleek eskualde osorako adostutako agiria irakurri dute udaletxeko balkoitik, eta jarraian, bi bertso abestu dituzte. Errikotxia elkarteko Rosi Lazkanok ere kantatu ditu pare bat. Kontzentrazioa bukatzeko, eskualde osorako prestatutako koplak abestu dituzte denek batera.

Hau da ikasleek irakurri duten agiria, osorik:

Gaur, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiako ikastetxe eta udal guztiok bat egin dugu, emakume eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatzeko ozen eta lau haizetara, guztiok entzuteko moduan.

Emakume eta gizonen arteko parekotasuna lortzeko bidea luzea da eta asko egin dugu aurrera bide horretan bai gure herrietan eta baita ikastetxeetan ere. Ibilitako bidearen ederrak ez digu ezkutatu behar, hala ere, oraindik ibiltzeko dugunaren neurria:

  • Neskek eta mutilek zama bera eramateko etxeko lanetan eta zaintza lanetan, berdintasunean.
  • Ikasketetan aurrera egiterakoan, neskek eta mutilek aukera berdina izateko, oztoporik gabe.
  • Kalean lasaitasunez ibiltzeko inolako beldurrik gabe.
  • Lan munduan genero mugak gainditzeko eta soldatak parekoak izateko.
  • Menpekotasunik gabeko harremanak izateko.

Hori dela-eta, lanean segitu behar dugu, bai herrian eta bai ikastetxeetan, parekotasunaren aldeko aldarria egiten eta guztiontzako eskubide eta betebehar berdinak eskatzen, gizarte zuzenago bat lortzeko.

Helburu horretara iristeko, gizarte osoak egin behar du ahalegin kolektiboa eta gu, agiri hau sinatzen dugun gizon-emakume eta erakundeok, prest gaude ahalegin kolektibo horri gure alea gehitzeko eta, horregatik, KONPROMISO HAUEK HARTZEN DITUGU:

  • Bakoitzak gure esparruan tinko egingo dugu emakume eta gizonen arteko parekotasunaren alde.
  • Gure ikastetxeetan parekotasunean oinarritutako hezkuntza bermatuko dugu.
  • Parekotasunaren aldeko aldarria zabaltzen jarraituko dugu, gizarteak segi dezan aurreratzen norabide horretan.
  • Elkarrekin ibiliko dugu bide hau, hitzak eta ekintzak uneoro uztartuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide