Aurtengo aurreneko antxoa kiloak arrantzatu dituzte. Getariako eta Orioko hamazazpi arrantzontzi aritzen dira, baina gaur gutxi batzuk irten dira antxoatara. Oso kantitate txikia porturatu dute. Guretzako antxoaren kostera apirila aldera hasiko da, berdelaren kanpainaren ondoren. Berdelaren arrantza astebete edo hamar egun barru hasiko da, azaldu du Getariako Arrantzaleen Kofradiako presidente Josu Ezenarrok. Orain, arrantzatzen dutena neguko antxoa dela zehaztu du Ezenarrok, txikia da, eta kantitate gutxi arrantzatzen da. Ezin da esan antxoaren kanpaina hasi dugunik.
Gaur goizeko 09:00 alderako porturatu dira ontziak Getarian antxoa arrantzatzetik. 17.000 kilo inguru jaso dituzte.
Arraindegietan Getariako antxoa erosteko aukera dago jada. Joxe Angel Mujika Zarauzko Batela arraindegiko arrain saltzailearen hitzetan, kostan dagon antxoa da arrantzatutakoa. "Hor dagoena jaso arte” arrantzatuko dutela dio Mujikak, eguraldiak lagun badute. Oraindik ez dute berdelik topatu, eta datozen egunetan arrantzatzen duten edo ez ikusteko dagoela dio Mujikak. Ez dakigu antxoa multzo batekin topo egin duten, edo gehiago dagoen.
Oraindik jendeak ez dakiela uste du Mujikak: Hurrengo orduetan jakingo du jendeak urteko lehenengo antxoaren berri, baina ez dakigu ordurako antxoa gehiago izango dugun edo ez.