Padel txapelketako 1.mailako finala jokatu zen larunbatean

Karkara 2018ko ots. 27a, 13:01

Azken hilabeteetako euri jasen ondorioz, egoera txarrean eduki dute pista, eta txapelketa aurreikusitakoa baino beranduago ari dira amaitzen. Aldalur / de la Calle bikoteak irabazi zuen larunbateko finala.

Lehengo larunbatean, Orioko padel txapelketako 1.mailako finala jokatu zen Karela kiroldegian. Aldalur / de la Calle bikotea Enparantza / Zipitria bikoteari gailendu zitzaion, 6-4, 1-6, 6-0 emaitzarekin.

Txapelketa irailaren 24ean hasi zen, eta hasiera batean, abenduaren 22an amaitzeko asmoa zuten. Euri jasen ondorioz, pista egoera txarrean izan dute neguan zehar, eta orain ari dira torneoa bukatzen. Txapelketak 7 kategoria ezberdin izan ditu, eta bakoitzean 8 bikotek parte hartu dute. Denera 70 partida jokatu dituzte, eta 14 geratzen dira jokatzeke. Hauek dira kategoria bakoitzeko irabazleak:

1.maila: de la Calle/Aldalur
2.maila: Troncoso/Lazkano
3.maila: Agirre/Requejo
4.maila: García/Requejo
5.maila: Coon/Muñoz
6.maila: bukatu gabe
7.maila: Gozategi/Odriozola
 
Txapelketaren balorazioa ona izan arren, arazoak instalazioekin.

Guille de la Calle antolatzailea gustura agertu da txapelketak izandako parte hartzearekin. Lehiakide erdiak oriotarrak izan dira, laurdenak zarauztarrak, eta gainontzekoak, Aia, Zumaia, Donostia, Deba, Orereta, Getaria, Pasaia, Tolosa, Mutriku eta Villabonakoak.

Orokorrean, padel torneoaren balorazio ona egin du de la Callek: parte hartzaileek jarrera aktiboa izan dute partidak behar bezala koordinatzeko, eta antolamendu aldetik, oso ondo egin da txapelketa. Eskerrak eman nahi dizkiot sortu dugun padel-zale kuadrillari. Ederra da kirola egin eta ondo pasatzeko helburuarekin herri ezberdinetako kirolariak elkarlanean ikustea.

Antolatzailea, ordea, kexu agertu da instalazioen egoeraren inguruan: pista baldintza txarrean izan dugu azken hilabeteotan. Lurzoruari gero eta gehiago kostatu zaio ura xurgatzea, eta tarte batzuetan, hautsita ere bilatu dugu, tarrata dezenterekin. Lehen esan bezala, instalazioen ondorioz asko mantsotu da txapelketaren martxa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide