Ekain Lizarralde: "Bizi kalitate bikaina dute Australian"

IƱigo Gaiton 2018ko urt. 31a, 18:49

Ekainek hamar hilabete eta erdi eman ditu etxetik kanpo. Australia, Indonesia, Vietnam eta Filipinetan barrena ibili da, Amaia bikotekidearekin batera. Errio bazterrean kontatu dizkigu bizitakoak.

Ederra esperientzia. 

Halakoxea izan da, bai. Ikasketak amaituta, ez nuen karrerari loturiko lanik topatzen. Lan kaxkarrez nazkatuta, gehiegi pentsatu gabe, bidaia txartelak erosi genituen Amaia eta biok. Ederki ibili gara.

Aurreko urtetan oriotar dezentek egin bezala, zuek ere Avalon herritik hasi al zineten Australia ezagutzen?

Ez, Manlyn finkatu ginen gu hasieratik, Sydney-tik oso gertu dagoen herri batean. Bertan topatu genuen lana.

Erraz?

Hasieran ez. Iritsi eta lehen hiru astetan euri dezente bota zuen, eta ez zegoen mugimendu handirik. Gero, hostalean egindako lagun batzuen bidez, nahikoa erraz, bai.

Zertan?

Aurretik sekula mailu bat hartu gabea izan arren, igeltsero jardun nintzen. Itsasontzi txikiak lijatzen eta margotzen ere bai.

Aurreztutako diruarekin, furgoneta erosi zenuten.

3.000 eurotan. Hamabi urte zituen, eta 300.000 kilometro.

Azkar aurrezten da dirua han...

Kar kar kar! Eskulana nahiko ondo ordainduta dago: hogei euro inguru orduko. Lau hilabetez egin egin genuen lan furgoneta erosteko.

Manly-tik iparraldera jo zenuten, Cairns-era.

Ia 3.000 kilometro egin genituen gorantz. Kostatik, lau astetan, lasai-lasai. Cairns ingurua ez zitzaidan gehiegi gustatu, arrezife ezaguna ikusgarria den arren.

Gero hegoaldera, Melbournera.

Azkar jaitsi ginen Victoriako kostalderaino, lau egunetan-edo, urte zaharretan lagunekin Sidney-n egon ahal izateko.

Zerk harritu zintuen gehien Australian?

Bizi kalitateak, orokorrean oso ondo bizi dira. Inpresio hori ekarri dut bueltan.

Asia ere bisitatu zenuten. 

Australiatik atera beharra geneukan, bisatua berritzeko. Bali, Vietnam eta Filipinetan izan ginen, motxila bizkarrean hartuta bazterrak ezagutzen. Zoragarria.

Ze asmo duzu orain?

Laster, Amaia eta biok Indiara goaz hiru asterako. Australian erosi genituen hegazkin txartelak, merke. Itzulera leuntzeko modu hona iruditu zitzaigun... kar kar kar!

Zein izan da bidaian zehar gehien entzun duzuen kanta?

Johnny Cashen You´re my sunshine.

Portzierto, furgoneta saldu al zenuten?

Bai. Gainera, ordaindutako prezioa baino 100 dolar garestiago. Primeran!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide