Txikitan beti esaten nuen ez zitzaizkidala gustatzen garbantzuak. Gurasoek ordea, probatzeko eskatzen zidaten. Sekula ez nituela jan eta beraz ezin nuela jakin gustatzen zitzaizkidan ala ez.
Aholku bera emango nieke erraztasunez kritikatzen duten horiei. Telebistan lanean hasi nintzenetik askotan gertatu zaidan gauza da. Jendeak zertan lan egiten dudan galdetzen dit eta nik telebistan, ETBn nabilela erantzuten diet. Puuuf, ETBn… Nik hori ez dut ikusten.
Hurrengo galdera zehatzagoa izaten da. Telebistan zer egiten dudan jakin nahi izaten dute, eta Gure kasa saioan gidoilari lanetan nabilela erantzuten diet. Momentu horretan iristen da hurrengo kritika: Ez zait batere gustatzen programa hori!
Nik beraz, gustatzen ez zaiena zer den galdetzen diet. Horrela hobetu ahal izateko. Eta erantzun hori da grazia gehien egiten didana: Ez dakit zer daukan txarra, ez dut inoiz ikusi.
Badakit gauza asko izango ditugula hobetzeko; eta ETBk ere milaka aldaketa beharko lituzkeela. Baina nola kritikatu daiteke inoiz ikusi ez duzun saio bat? Audientzia aldetik behintzat datu onak ematen ari da eta jendeak ikusten du. Beraz, kritikatzen duten horiei, lehendabizi probatzeko eskatuko nieke. Azken finean, urte batzuk geroago, nik ere probatu nituen garbantzuak eta gaur egun ikaragarri gustatzen zaizkit.