2018-2019 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute goizean Orioko Herri Ikastolan Zigor Saizar zuzendariak eta Jasone Garate Haur Hezkuntzako koordinatzaileak. Iazko lelo bera aukeratu dute aurtengo kanpainarako: Orio Gara! Baina, iaz herriko ingurune naturalari indarra ematen bazion, aurten ikastolak Orioko ingurune sozialean duen konpromisoa islatu nahi du. Saizarrek esan duenez, aurten, herriko eragileak dira kanpainaren protagonista, izan ere, ikasleak beraiek ere herriko eragile bilakatzen dira eta herriaren joan-etorrian eragiten dute.
Azken urteetan ikasketa prozesuan aldaketa handiak eman dituzte Ikastolan, eta ikasketa prozesu hori hiru ziklotan banatzen dela azaldu du Garatek: Haur eta Lehen Hezkuntzan konfiantzaren pedagogian haurra da prozesuaren protagonista eta irakasleak bidelagun dira. Lehen Hezkuntzan ikasketa kooperatiboa eta proiektuka lan egitearen aldeko apustua egin dute eta KiVa programan parte hartzen dute, eskola jazarpenari aurre egin eta hura murrizteko. Azkenik, DBHn EKI proiektuarekin egiten dute lan: konpetentziak lantzen dituzte ikasleek bizitzako egoera errealei aurre egiten ikasteko.
Matrikulazioa: urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra
2018-2019 ikasturterako matrikulazio epea urtarrilaren 29an hasi eta otsailaren 9an bukatuko da, biak barne. Bulego ordutegietan egin beharko dute matrikulazioa gurasoek: 8:30etik 13:30era eta 14:30etik 18:30era. Familia liburua, nortasun agiriaren kopia eta haurraren errolda agiria aurkeztu beharko dira matrikulatzeko.
Urtarrilaren 17an, matrikulazio epea zabaldu aurretik, guraso bilerak egingo dituzte; 17:00etan euskaraz eta 18:30ean gazteleraz. Horrez gain, urtarrilaren 20an, larunbatean, ate irekien jardunaldia egingo dute 11:00etatik 12:30era.
Urtero bezala, matrikulazio kanpainarekin lotuta, Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna antolatu dute. Urtarrilaren 26an izango da emanaldia, Karela Kiroldegian.