Mikel Amilibia omenduko dute festen hasierako deiadarrean

Karkara 2017ko abe. 4a, 17:18

Mikel Amilibia Zarauzko Amenabar eskubaloi taldeko jokalaria omenduko dute aurten, festen hasierako deiadarrean.

Zu omenduko zaituzte aurten festen hasierako deiadarrean. Nola jaso zenuen albistea?

Zerbait entzun nuen kalean. Hala ere, albistea gurasoek eman zidaten: jaietako batzordeko baten bidez jakin zuten.   

Zer esan nahi du zuretzat herrian omenaldi hori jasotzeak?

Ohore handia da herriko festetan omendua izatea. Beste edozein omenaldi baino bereziagoa izango da niretzat. Herriko jaiak hasi aurretik, gainera... polita izango da, seguru.

Egindako lan pertsonalaren aitortza bat dela esango al zenuke?

Bai. Honen atzean lan izugarria dago, eta ez nirea soilik: lagunak hor izan ditut, familia, ekipokoak... Ni omenduko naute, baina guztientzako omenaldia izango dela sentituko dut. Egia da selekzioarekin ni joan nintzela eta nik jokatu nuela, baina horren atzean jende askoren babesa eta laguntza dago. Hori gabe ez litzateke posible izango.

Abuztuan munduko eskubaloi txapelketako finala jokatu zenuen Georgian, eta finalera iritsi arte, partida guztiak irabazi zenituzten. Nolakoa izan da horren ondoren denboraldi berriaren hasiera?

Horren ondoren bi aste izan nituen jai. Berriz hasi ginen aurre-denboraldiarekin, eta ligako lehenengo partiduan omenaldia jaso genuen. Denboraldian ondo hasi ginen, partidu asko irabazten. Nahiko hilabete onak izan direla esango nuke.

Erronkarik baduzu denboraldi honetarako?

Bai. Zarauzko Amenabar taldean nagoen bigarren urtea da, eta aurrerapauso bat eman nahi dut. Taldearen aurrean erantzukizunak hartu nahiko nituzke, batez ere partiduetan erasotzen ari garenean. Erreferente izan nahiko nuke horretan.

Kirolaria izan arren, herriko jaiez gozatzeko beta hartuko duzu...

Bai, noski, hartuta daukat tartea. Kirolaria izan arren, parranda egin behar da... Ostegunean kanpora goaz, asteburuan Lanzaroten jokatzen dugu eta. Hala ere, jaietatik geratzen zaizkidan bi edo hiru egunak aprobetxatuko ditut.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide