Zaragueta eta Lardizabal eskoletako irakasleek bat egin dute gaurko lanuztearekin

Karkara 2017ko aza. 30a, 17:36

Orio eta Aiako eskola publikoetako irakasleak Donostian izan dira goizean; antolatzaileen arabera, grebara deituta zeuden 26.000 langileen %70-ak egin du bat lanuztearekin.

Iazko ikasturteko mobilizazio eta hiru greba egunei segida emanez, jarraipen zabala izan du hezkuntza publikoko irakasleen gaurko lanuzteak. Antolatzaileen arabera, EAE-ko hiriburuetan egin diren manifestazioetan milaka lagun bildu dira, Hezkuntza Publikoan irakasleek bizi duten egoera salatu, aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari egoerari konponbidea emango dion negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.

Hezitzaileen lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoak dituen beharrei erantzuteko, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek aldarrikapen hauek jarri dituzte mahaigainean:

- Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea, gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.

- Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko irakasle kopurua gutxienez 1.800 langiletan handitu.

- Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

- Ikasle-ratioak %10 murriztea.

- Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea (gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).

- Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.

- Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

- Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

- LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

- Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

- Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Sindikatuen iritziz, orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide