Lasarte-Oriako oriotarrak Hendaiatik III

Meltxor Artetxe 2017ko aza. 30a, 12:57

Tristura horiek alde batera utzi eta oriotar izatearen eta sentitzearen poza eta harrotasuna azaltzeko garaia heldu zait! Eta zein gairen inguruan sustraituko ote dut harrotasun hori?

Karkaran idatzi nuen lehen aldian nire herrimina izan nuen mintzagai eta bigarrenean itsaso-ondoan bizitzeak uzten duen arrastoa. Bi kontakizunek halako aire triste bat zuten, nostalgia punttu bat agian….

Baina tristura horiek alde batera utzi eta oriotar izatearen eta sentitzearen poza eta harrotasuna azaltzeko garaia heldu zait! Eta zein gairen inguruan sustraiko ote dut harrotasun hori? Jakina, arraunaren inguruan!

Badakit ez dela batere orijinala eta aurtengo Kontxako garaipen paregabeari buruz esan beharreko ia guztiak esanak daudela. Baina erbeste hurbilean nola bizi izan dugun adierazi nahi nuke gaurkoan. 

Hendaiatik hegoaldera Irun eta Hondarribia ondoan ditugu, Bidasoa zabalak itsasoratzerakoan sortzen duen Txingudiko badia zoragarriaren hirukotea osatuz. Eta estropada sasoian traineru berdearen aldeko giroa pizten da eskualde honetan, bero eta indartsu piztu ere.

Nire aldetik aitortu beharra daukat gehiegi ez dudala sufritu; izan ere, hondarribiarrak gustuko izan ditut betidanik. Orioko trainerua eta pasaitarrak baju xamar ibili ziren garaian, 1965etik 1968rako tartean, Pedreñarekin sekulako lehian ibili ziren berdeak eta gehienetan garaile gainera. Eta herriko traineruaren faltan, adopzion hartu genuen Txingudiko koadrila, euskaldunon nagusitasuna mantendu zezan.

Gainera, lehorte garaitan duintasunez ibiltzeko, oriotarrok baditugu pisuzko hainbat argudio eta arrazoi gure goi maila permanentea nonahi aldarrikatzeko eta guztiak erabili behar izan ditut urteotan: historiala –bedeinkatua izan bedi Orioren historiala!!–, hamarkadarik ez Kontxarik gabe, Batista Oliden, Korta, Amilibia, Altxerrin koadrilak ekarri zuen iraultza, arraunlari eta entrenatzaileen esportazioa

Behobia-Donostia aitzakiatzat hartuz urte guztian elkartzen gara Hendaia, Irun eta Hondarribiako lagun kuadrilla handi bat astean hiru egunez entrenatzeko eta hor izaten ditugu tirabira eta adar-jotze handienak uda partean. Baita tarteka egiten ditugun afaritan ere.

Beraz, herritik kanpo bizi garen oriotarrok ere behar genuen Kontxako bandera berri bat eta danba! Aurten eta nola!
Etor bedi, hala nahi badu, beste lehorte garai bat. Jasango dugu hura ere, aurtengoa handia izan baita, izugarria, mitikoa… eta askorako emango digu!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide