Edadea

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Manterola 2017ko aza. 29a, 17:41

Gazte aurpegia dudala sinestarazi didate beti. 24 urterekin agiri bidez erakutsi behar izaten nuen 18 nituela. Horrela ez da erraza izaten heldu zarela konturatzea.

Igande goiza da, herriko plaza. Txakolina eskuetan eta kalamarrak deitzen dioten -baina inondik inora ez diren eta gorroto ditudan- gauza likatsu horietako batzuk platertxoan. Aldamenean dudan lagunak bota du bere audientzia barrez lehertzera eraman duen esaldia: Guk bat-batean egingo dugu gaztetxetik zaharretxerako saltoa, ez da? Trantsizioa ez omen da goxoa izango, aldaka herdoilduekin kontzertu makarraren batean gozatu eta hurrengo egunean musean jokatzea tokatuko zaigu-eta. Siestarik gabe, baina ordurako anestesiatuta, poltsikoan izango dugun pilula sortarekin.

Azken hilabeteetan adinaren kontua hitzetik hortzera darabilte ingurukoek, erran nahi baita, azken hilabeteetan hipersentsibilitate moduko bat garatu dut gaiari dagokionez. Ez da harritzekoa adinari erreparatzea 17 urteko zure musika bandako kolegak natural-natural zea, orain esan mila bederatziehun eta zerbaiten atera zenuela gidatzeko baimena esaten dizunean. Aiar arraioa.

Gazte aurpegia dudala sinestarazi didate beti. 24 urterekin agiri bidez erakutsi behar izaten nuen 18 nituela. Horrela ez da erraza izaten heldu zarela konturatzea. Baina bada denbora onartu nuela. Ez naiz gaztea, heldua naiz. Bestela 17 urtekoa zer da bada, besotako umea?

Halere, norberak onartzeak ez du askotan ezertarako balio izaten. Bandako beste batek, 21 urteko mutil ez hain koskorrak, zer ikasten dudan galdetu baitzidan aurrekoan. Ahots larriz atera zitzaidan aizu, urte asko damakit nik lanean gero. Faborez, errespetu piska bat auto-konbentzimendu fasean dagoenari. Gazte aurpegia izatea tira, baina ez naiz betigaztea.

Baina bata dugun adina onartzea da, eta bestea urteak korrika pasatzea nahi izatea. Horregatik jarri dut martxan kanpaina elektoral berria kuadrillaren baitan. Ni ezezkoaren aldekoa naiz. 40 urte betetzeko zain ez egotearen aldekoa. Zertarako itxaron horrenbeste lagunartean oporretara joateko. Aspaldian horrelakorik egin ez izana bada nahikoa arrazoi, adina eta zenbaki borobilak baino dezente potoloagoa gainera. Neskak, guk 39rekin, ez da? Argazkiren bat bidaliko kanpaina irabazten badut.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide