Truke-azoka baino lehen, jostailuak bilduko dituzte. Abenduaren 1ean, Zaragueta eskolan jarriko dute postua 16:00etatik 17:00etara; eta ikastolan, 16:30etatik 17:30etara. Abenduaren 15ean, aldiz, herriko plazan izango dira 17:00etatik 19:00etara.
Jostailu erabiliak jaso ondoren, horiek trukatzeko postua jarriko du Herriok. Abenduaren 16an izango da, 10:30etatik 14:30etara. Lekua zehaztu gabe dute oraindik, eta eguraldiaren arabera, herriko plazan edo pilotalekuan izango da.
Truke sistema
Bilketa egunetan, jostailuak sailkatuko dituzte hiru koloreren arabera. Koloretako txartela jasotzeko aukera izango dute jostailuak eramaten dituztenek, kolore bereko txartela duen beste jostailu baten truke aldatzeko. Bestalde, egunean bertan ere etxetik ekarritako jostailuak azokakoekin trukatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Elkartrukea eta berrerabilpena sustatzea da azokaren helburua. Hala, herritarrek Gabonetako gehiegizko kontsumoaz ardura hartzea nahi dute antolatzaileek. Ekimenean parte hartzeko irizpideak zehaztu dituzte: jostailuak osorik eta egoera onean egotea eta 8 urtetik beherakoak arduradun batekin parte hartzea. Azoka amaitutakoan inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batera bideratuko ditu Herriok.