Orioko Udalak partaidetza prozesu bat jarri du martxan herriko ekipamenduei buruzko gogoeta egiteko. Elhuyar Aholkularitzak dinamizatuko du prozesua eta hiru bilera antolatu dituzte guztira. Lehen bilera atzo, azaroaren 22an egin zuten, gazteri, kirol eta kultur eragileekin.
Azken hamabost urteetan hazkunde handia izan du Oriok, 650 etxebizitza inguru eraiki dira herrian, eta ekipamenduetan ere handia izan da hazkundea. Udalaren inbertsio gaitasuna, ordea, ez da bereziki handia: 270,000 eurokoa izan da 2017an, aurrekontuaren %3,73. Inguruko herriek aurrekontuaren %10 inguru inbertsioetara bideratzen dutela kontuan izanik, Orion aurrekontu apala dagoela aipatu zuen udal arkitektoak.
Bileran, herriko ekipamenduen errepaso azkarra egin zuen arkitektoak. Ondoren, parte-hartzaileek, taldeka, horien balorazioa eta hobetzeko proposamenak egin zituzten. Bilera hauen helburua gogoeta egin eta herritarrekin lehentasunak markatzea dela azaldu zuten dinamizatzaileek.
Hurrengo bilerak
Parte hartze prozesuan hiru bilera planifikatu zituzten eta bi geratzen dira egiteko. Hurrengo bilera azaroaren 29an, asteazkenean egingo dute turismo, merkataritza, hezkuntza eta osasun arloko ordezkariekin. Bilera 19:00etan izango da Kultur Etxean.
Hirugarren eta azken bilera irekia izango da herritar guztientzat. Abenduaren 13an egingo dute, 19:00etan Kultur Etxean, eta ekipamenduen inguruan proposamen edo iritzia eman nahi duen orok hartu dezake parte.