San Nikolas 2017

Sanikolasetako 3×3 txapelketan izena emateko epea ireki da

Karkara 2017ko aza. 18a, 11:21

Urtero bezala, 3×3 saskibaloi txapelketa antolatu du Orioko Herri Ikastolak ZASTen laguntzaz eta udalaren babesarekin. San Nikolas jaietan jokatuko da txapelketa; abenduaren 8an, zehazki.

Goizez LH3tik LH6ra bitarteko haurrek jokatuko dituzte partidak, 14:00ak arte. Arratsaldean, aldiz, infantil, kadete eta seniorren txanda izango da, 16:00etatik aurrera.

Txapelketak “kutsu herrikoia” duela azaldu dute antolatzaileek, eta eskualdeko jokalariei zuzendu diete izena emateko deialdia. Karela kiroldegian edo zast.es webgunean eman daiteke izena, eta abenduaren 5eko 18:00etan amaituko da epea. Jokalari bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu, eta izena eman ostean kontu korronte honetan dirua sartzeko eskatu dute antolatzaileek; erreferentzian taldearen izena jarrita: 2095 5176 87 1064181265.

Taldeak mistoak izango dira derrigorrean, hau da, gutxienez emakume bat eta gizonezko bat pistan jokatzen egotea bermatu nahi dute. Taldea bost kidez osatuta egongo da gehienez, eta jokalari guztiek kamiseta bat jasoko dute opari gisa. Bestelako sariak ere egongo direla iragarri dute antolatzaileek.

Hauek dira txapelketako kategoriak:

– Preminibasket: LH3 eta LH 4 (24 talde gehienez)
– Minibasket: LH5 eta LH6 (24 talde gehienez)
– Infantilak: DBH1 eta DBH2 (24 talde gehienez)
– Kadeteak: DBH 3 eta DBH4 (16 talde gehienez)
– Seniorrak: +16 urte (2001 edo lehenago jaiotakoak, 18 urtetik gorako gehienez 2 federatu) (16 talde gehienez).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide