Urtero bezala, Herri lasterketa antolatu du Orioko Herri Ikastolak. Abenduaren 16an izango da lasterketa, 16:30ean hasita, eta 10 kilometroko ibilbide laua egingo dute lasterkariek. Ibilbideak bi itzuli izango ditu: lehen itzuliak, luzeak, 7 kilometro izango ditu eta, Ikastolatik abiatuta, hondartzara eta Ortzaikara joango dira parte-hartzaileak. Bigarrena, laburra, 3 kilometrokoa izango da, Ikastolatik hondartzarainoko joan eta itzulia.
Abenduaren 15eko 22:00ak arte egongo da irekita izena emateko aukera; 12 euro ordaindu beharko dute txip horia dutenek eta 13 euro ez dutenek. Gehienez 400 lasterkarik hartu dezakete parte. Dutxa eta kontsigna zerbitzuak ere izango dira parte-hartzaileen eskura, Karela kiroldegian lehenengoa eta Ikastolan bertan bigarrena.
Haurrak ere korrika
Herri lasterketaren aurretik, larunbatean bertan, haurrentzako lasterketak ere izango dira, Ikastolatik abiatuta. 15:45etik aurrera izango dira lasterketak eta hiru egingo dira: 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoek 1000 metro egingo dituzte, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek 600 metro eta 2010 eta 2011n jaiotakoek 300 metro.
Haurren lasterketako izen-ematea doakoa izango da eta irteera puntuan egin beharko da 14:30etik 15:30era.