Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Xabier Lizaso adiskide numerario izendatuko du

Karkara 2017ko urr. 26a, 11:41

Larunbatean izango da ekitaldia, eguerdiko hamabietan Orioko kultur etxean.

Xabier Lizasok elkartean sartzeko ikasgaia emango du ekitaldian, 'Neurozientziak eta musika' izenburua izango duena. Aurrez, saioari hasiera emateko, Orioko alkate Jose Angel Zalduak eta elkartearen Gipuzkoako presidente Juan Bautista Mendizabalek hartuko dute hitza.

Bukaeran, Garikoitz Mendizabalek emango dizkio Xabier Lizasori elkarteko kide bihurtzeko domina eta diploma. Ekitaldira azaldu nahi dutenek, aldez aurretik kultur etxean gonbita jaso beharko dute.

Xabier Lizaso Loidi

Xabier Lizaso Loidi (Orio, 1965) euskal pianista eta ikertzailea da. Bere ibilbidean, 6.000tik gora kontzertu didaktiko egin ditu, eta metodo pertsonal bat ere sortu du.

Piano-jotzaile gisa, Chopin-en lanak jo izan ditu gehien, Varsovian bizi izan baitzen hiru urtez haren obra sakon ikasten. Grabazioak ere egin izan ditu Radio Clásicarako, Euskadi Irratirako eta Euskadiko Orkestrarekin batera. Gaur egun Andoni Egaña bertsolariarekin dabil Euskal Herrian barrena, musika klasikoa, pianoa eta bertsoa uztartzen dituen ikuskizuna eskaintzen.

Ikerlari gisa, Do Re Ni elkartea sortu du. Ekarteak neurozientzia eta musika uztartzen ditu, garuna estimulatzeko helburuarekin. Bere metodoak kirola, dantza, antzerkia eta musika lotzen ditu, betiere ikuspegi ludikoarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide