Egun batzuen bueltan Nafarroako herri bateko –ez dut gogoan non zen zehazki– txosnagunean festa eten zuten bat batean. Jendearen artean erasotzaile bat zegoela eta hura joan arte festak ez zuela jarraituko esan zuten oholtza gainera igo zirenek. Denen artean erasotzailea bota zuten.
Uste duguna baino ohikoagoak dira alkohola eta jendetza aprobetxatzen duten gizonak emakumeak beren borondatearen kontra ukitzeko. Zoritxarrez, ez da batere ohikoa horrelako egoeraren bat ikusten duenak publikoki salatzea.
Badirudi erasoa bera identifikatzea ere kosta egiten dela askotan. Ez da hain zaila! Etengabeko begirada lizunak erasoak dira, baita ezezkoa jasota neketsua izatea ere. Baimenik gabe norbait ukitzea ere erasoa dela ez dago esan beharrik.
Guztion betebeharra da eraso horien aurrean zerbait egitea, salatzea, eta erasotzaileari aurre egitea. Ezer egiten ez badugu konplize izango gara.
Asko dago ikasteko, hausnartzeko eta iraultzeko. Horregatik da hain garrantzitsua goian aipatutakoak bezalako erantzunak ematea eta, batez ere, zabaltzea.