Hamar urte igaroak ziren gure txalupak Donostiako sari handia azkenekoz irabazi zuenetik. Hamar. Urte gehiegi inola ere, historia luze batean garaipena ikur izan zuen herri batentzat. Hain zuzen, modu ikusgarrian izanda, berpiztearen garrantzia areagotu egin du, dudarik gabe. Atzean geratu dira onenen artean aritzeko izerdi gorria atera behar izan genuen urte haiek, edo-eta hirugarren postuarekin konformatu beharra zeuden estropada haiek.
Bistan da urte onak datozela gure Mirotza txapeldunarentzat. Odol gazteak eta eskarmentu handiko estropalari beteronoek garaipenaren bidera eramango gaituzte, alajaina! Uda honetan haren tostetan oreka izan da nagusi adin guztietako estropalariak erabiliz. Zarauzko Ikurriñan gazteek irabazitako estropada, egindako lan zoragarria, izugarria, datorkigun garai berriaren iragarle argia da.
Joan den mendearen hasieratik Oriok ez du huts egin hamarkada batean ere Kontxako maila gorenean. Aurtengoarekin tradizio honek segida bikaina izango du, Kantauriko gainerako taldeen begirunea irabaziz, berriz ere. Talde gutxi dira, haien Kontxak batuta ere, Orioren parean jar daitezkeenak. Hogeita hamabigarrena, negu honetan lege onez berreskuratu duguna barne.
Liga datorren urterako erronka izango da. Izango da bai borroka, Urdaibaik eta Hondarribiak ez baitute ezer oparituko. Ikaragarria izan da uda honetan ilusi ahal izan dugun kirol maila Kantauriko estropada-eremuetan. Ehunenekotan erabakitako estropadak izan dira, eta inoiz baino gehiagotan erabili behar izan da bideo-finisha. Errekorrak hautsi, estropada ikusgarriak egin, eta gutxitan ikusi den hiru traineruren arteko norgehiagoka gogorra, inoiz ere jakin gabe haietako zeinek zuen aukera garbiagoa estropada hau edo hura irabazteko.
Hala eta guztiz ere, eta batzuk ukatu nahi duten arren, Kontxak ematen duen ohorea eta prestigioa ez du ematen lehiaketa berriak. Honek erregularrenari ematen dio saria; estropada gehienetan onena izan denari. Baina, Kontxa olinpiada, edo mundiala, da, eta han irabazten duena da benetako txapelduna, udako txapel nagusia jantziko duena. Aurtengoan, Orio. Gora oriotarrak!