Gazte Festetan murgilduko da Orio, larunbatean

Karkara 2017ko ira. 20a, 10:10

Iaz Piraten Danborradan jendetza bildu zen.

Egun bateko festa eguna izango da aurten, eta egitarau zabala prestatu dute gaztetxearen bueltan.

Larunbaterako Orioko 8. Gazte Festak antolatu ditu Etxeluze gaztetxeak, eta jaian parte hartzera animatu dituzte oriotarrak. Ohiturari jarraituz, Piraten danborrada egingo dute aurten ere, baina ostiral gauean egin beharrean, larunbat goizean izango da. Bertan parte hartu nahi dutenek oraindik eman dezakete izena, gaur iluntzeko entseguan parte hartuta.

Bestalde, paella lehiaketa ere antolatu dute eguerdi parterako. Antolatzaileek zehaztu dute, banatuko diren osagaiak (arroza, tipula, baratxuria, olioa, gatza eta ogia) bertakoak eta ekologikoak izango direla. Edateko sagardoa txotxetik, ardoa eta ura eskainiko dituzte, baina paella prestatzeko sua norberak eraman beharko du. Paella lehiaketako eta bazkarirako txartelak 12 eurotan salgai daude Kolon Txikin, Kalakarin, Errustan eta Hatozen.

Boluntario falta
Orioko 8. Gazte Festekin herriko gazteak jai giroan bildu nahi ditu gaztetxeak. Dena dela, aurten egun bateko festa izango da. Izan ere, Gazte Festetako batzordeak jakinarazi du egunean bertan gazteen parte hartzea oso handia bada ere, arazoak izan ohi dituztela antolaketa lanetarako boluntarioak lortzeko. Gazte Festak antolatzeko lehen deialdian oso kide gutxi bildu ginen, eta bigarren deialdi bat egin behar izan genuen antolaketa lanetarako jendea animatzen ez bazen, Gazte Festak ez zirela egingo esanez. Horrek herriko gazteak martxan jarri zituen, eta 40 lagun inguru bildu zen bigarren bileran.

Dena dela, Gazte Festak antolatzeko izaten dituzten zailtasunak kontuan hartuta, hausnarketa prozesua abiatu dute Etxeluze gaztetxean. Gazte Festak gaztetxea okupatzeko gazte mugimendu gisa sortu ziren hasiera batean, eta herriko belaunaldi desberdinak biltzeko izan zuten arrakasta ikusita, urtero antolatu izan dira festak. Dena dela, gaztetxetik ohartu dira egungo belaunaldi gazteek ez dutela presente hasiera hura eta kostatu egiten zaiela antolaketa lanetan parte hartzea: Antolaketa lan guztia gutxi batzuen esku geratu ohi da, eta ez gara gai erre gabe orain arte bezala bi eguneko gazte festak antolatzeko, azaldu dute antolatzaileek.

Hori dela eta, aurten gaztetxearen bueltan antolatuko dituzte Gazte Festetako jarduerak, eta egun bateko festa izango da. Herriko plazan txosna eta eszenatokia jartzeak lan asko eskatzen du antolaketa arloan. Horregatik, aurten egokiagoa iruditu zaigu gaztetxeko azpiegitura aprobetxatzea.

Festen lan ildoa
Azken astetan hainbat bilera egin dute gaztetxean, eta festa ereduaren inguruan eztabaidatu eta hausnartu dute. Nolako festak nahi ditugun zehaztu dugu, eta hainbat lan lerro jorratzeko konpromisoa hartu dugu, azaldu dute. Adostu dituzten konpromisoak dira: Gazte Festetan euskararen presentzia bermatzea, hondakinak gaika biltzea, festen barruan ahalik eta kontsumo arduratsuena izatea bertako produktuak eta ekologikoak erabiliz, ikuspegi feminista duten jaiak izatea eta protokolo bat zehaztea eta aldarrikapenek txokoa izatea.

EGITARAUA
Irailak 23, larunbata
- 10:00. Errefuxiatuen aldeko Piraten danborrada, herrian.
- 12:30. Paella Lehiaketa eta kamiseta banaketa, gaztetxean.
- Eguerdian, Bazkaria.
- Arratsaldean, Euskal presoen aldeko argazkia.
- Jarraian, Elektrotxufla herrian.
- Segindan, Kontzertuak, gaztetxean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide