Eskaintza zabalarekin abiatuko du Mandalara taldeak ikasturte berria

Karkara 2017ko ira. 19a, 17:33

Jendetza bildu ohi da Mandalara taldeak antolatzen dituen hitzaldi eta tailerretan

Ohiko eskaintzaz gain, ostiraletan eta asteburuetan hainbat gairen inguruko hitzaldiak  eta tailerrak eskainiko dituzte.

Aurtengo ikasturterako eskaintza aurkeztu du Orioko Mandalara taldeak, eta izena ematea zabalik dute herritarrek. Goizetan eta arratsaldetan eskainiko dituzte ikastaroak, eta yoga, Chikung CFQ, hipopresiboak, tarota, poesia garaikidea lantzeko eskolak antolatu dituzte. Horrez gain, ostiraletan eta asteburuetan hainbat gai sakonago ezagutzeko aukera izango da taldeak antolatuko dituen hitzaldi eta tailer trinkoen bidez. Irailaren 29tik urriaren 1era esaterako, Sergio Gozzi mediuma izango da Orion, eta harekin hitzordua nahi dutenek 648487489 telefono zenbakira deituta Mandalarako kideekin jarri behar dute harremanetan.

Mandalara Jardunaldiak
Urtero Mandalara taldea jardunaldi irekiak antolatzen ditu, taldean lantzen dituzten gaiak herritarrei zabaltzeko. Aurten urriaren 20tik 22ra bitartean egingo dituzte Mandalara Jardunaldiak eta bertan parte hartuko duten adituak zein izango diren zehazten ari dira egunotan. Aurrerapen moduan, Mandalaratik jakinarazi dute aurten Maria Laura Ribasek (Ahimsalara) Arraunetxean mandalen sekretuak azalduko dituela Karmele Garmendiarekin batera. Saioa urriaren 20an izango da, 19:00etan hasita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide