Orioko 8. Gazte Festak ospatuko dituzte hilaren 23an, larunbatarekin

Karkara 2017ko ira. 12a, 16:32

2016ko Gazte Festak.

Asteazkenean egingo dute Piraten Danborradako lehen entsegua, 20:00etan hasita Etxeluze gaztetxean.

Irailaren 23rako Orioko 8. Gazte Festak antolatu ditu Etxeluze gaztetxeak, eta jaian parte hartzera animatu nahi dituzte oriotarrak. Ohiturari jarraituz Piraten Danborrada egingo dute aurten ere, eta bertan parte hartu nahi dutenek asteazken iluntzean izango dute lehen entsegu saioa, gaztetxean.

Bestalde, paella lehiaketa ere egingo dute eguerdi partean. Antolatzaileek zehaztu dute banatuko diren osagaiak (arroza, tipula, baratxuria, olioa, gatza eta ogia) bertakoak eta ekologikoak izango direla. Edateko sagardoa txotxetik, ardoa eta ura eskainiko dute, eta paella prestatzeko sua norberak eraman beharko ditu. Paella lehiaketako eta bazkarirako txartelak 12 eurotan salgai daude Kolon Txikin, Kalakarin, Errustan eta Hatozen.

Orioko 8. Gazte Festekin herriko gazteak jai giroan bildu nahi ditu gaztetxeak, eta pirataz mozorrotzera animatu dituzte parte hartzaileak.

EGITARAUA

- 10:00etan hasita, errefuxiatuen aldeko Piraten Danborrada herrian zehar.
- 12:30ean. Paella Lehiaketaren hasiera eta kamiseta banaketa gaztetxean.
- Ondoren, bazkaria.
- Arratsaldean, euskal presoen aldeko argazkia.
- Jarraian, Elektrotxufla herrian zehar.
- Segidan, kontzertuak gaztetxean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide