Itsasoaren aurkako borrokan, Oriok irabazi du Kontxako Bandera

Karkara 2017ko ira. 10a, 13:24

Orioko zaleak Donostiako portuan garaipena ospatzen.

Gaurko estropadan 24 segundu atera dizkio Orioko traineruak bigarren sailkatu den Urdaibairi.

Orioko gizonezkoen traineruak bigarren txandan hirugarren kaletik abiatu du estropada. Ura ateratzeko tresnak eta babes neurriak jarri dizkiote ontziari, uretan itsasoaren kaltea ahal den txikiena izan zedin. Arraun taldeek itsasoaren aurkako borroka izan dute uretan, mugako baldintzen aurrean. Haizeak eta itsaso handiak estropada ikusgarria egin dute, eta arraunlariek eta patroiek lan handia egin behar izan dute trainerua gobernatzeko.

Hasieratik Orio eta Urdaibai estropadaren buruan jarri dira, eta atzean utzi dituzte Kaiku eta Hondarribia. Aurretik jarri diren bi traineruek lehia estua jokatu dute lehen luzean, pare-parean ibili dira biak uneoro, baina Orio ziaboga ematen lehena izan da, 12:24,98ko denboran, Urdaibai baino segundu bat azkarrago. Itzulerako luzean, olatuak hartzeko ahalegin handiak egin dute patroiek, eta lan horretan alboko palka bat ere hautsi zaie oriotarrei. Dena dela, bueltako luze bikaina egin du etxeko traineruak, eta estropada irabazi dute, Urdaibairi 24 segunduko errenta aterata. 

DONOSTIAKO 122. BANDERAKO SAILKAPEN NAGUSIA
1.- Orio 40:43,02
2.- Bermeo Urdaibai 40:57,52
3.- Kaiku 41:54,26
4.- Hondarribia 41:57,58
5.- San Juan 43:23,22
6.- Zierbena 43:30,64
7.- Donostiarra 43:32,54
8.- Tiran 43:41,94

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide