Salto! Gazte Topaketak egingo ditu UEMAk, Orion

Karkara 2017ko ira. 8a, 11:23

Salto! Gazte Topaketak gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzea du helburu.

Udalak euskaldundu arren "udalerriak erdalduntzen" ari direla ohartu da UEMA, eta herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa lantzea da erakundearen lan ildo nagusietako bat. Horren barruan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzeko eta arnasguneen garrantzia nabarmentzeko. Bide horretan, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazi nahi die UEMAK.

Aurtengo udazkenean hezkuntza proiektua ikasgelatik aterako dute, eta Salto! Gazte Topaketak antolatu dituzte urriaren 20tik 22ra bitartean, Orioko Itxaspe baserrian. Egonaldiaren helburua "udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzea da". 15 eta 18 urte arteko gazteak bilduko dituzte Orion, eta hiru egunetan zehar hainbat ekimen eta ekitalditan parte hartuko dute lagunartean. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarria sortu dute horretarako.

Izena ematea zabalik
Topaketaren prezioa 30 eurokoa izango da, eta bertan parte hartu nahi duten gazteek urriaren 9a baino lehen eman behar dute izena, UEMAren sare sozialen bidez, 943-816699 telefono zenbakira deituta, edo hezkuntza@uema.eus helbidera idatzita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide