Estropadari buelta ematen saiatuko dira oriotarrak igandean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko ira. 4a, 15:50

Donostiako arranplan zaleak Orioko traineruaren zain. Egiguren argazkiak.

Igandean jokatu zen Donostiako Estropadako lehen jardunaldia, eta portua oriotarrez josi zen estropada ikusi eta Orio Arraunketa Elkarteko bi txalupei babesa agertzeko.

Iritsi da arraun zaleek urtean zehar hainbeste itxaron duten hitzordua. Gizonezkoen traineruak denboraldian zehar lortu dituen garaipenek Kontxako Bandera irabazteko esperantza sortu dute azken astetan herritarren artean, eta igandean goizean goizetik giro berezia nabari zen herrian: oriotarrak horiz jantzita, balkoiak apainduta, kafetegiak jendez josita, eta tren eta autobus geltokietan jendetza Donostiarako bidea hartzeko zain.

Goizeko 11:00etan abiatu zuten emakumezkoek estropada. Oriotarrek ez zuten hitzordua galdu nahi izan, eta Donostiako arranpla eta portu inguruan horiz jantzi zituzten. Lehen txandan arraunean egin zuen Orioko emakumezkoen ontziak; Hibaika, Arraun Lagunak eta Mecos izan zituen aurkari, eta hasieratik bigarren postuan jarri zen oriotarren txalupa. Gertutik eutsi zioten Orioko neskek Hibaikari, baina bigarren luzean ihes egin zien Errenteriako ontziak. Faborito nagusia zen San Juanek bigarren txandan arraunean egin zuen, baina pasaitarrak estropadaren buruan jarri baziren ere, ez zuen lortu Hibaikaren denbora hobetzerik; Orio hirugarren postuan sailkatu zen, denboraldiko joerari jarraituz.

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari Itsaso Azkonobietak estropada bukatutakoan adierazi zuenez, «oso indartsu» atera zen taldea. Ziaboga arte gertutik eutsi diegu, baina badian sartu garenean ezin izan diegu jarraitu. Dena dela, datorren asteburuari begira motibatuta gaude.

Konfiantza taldean
12:00etan abiatu zuten gizonezkoek Donostiako Estropadako lehen jardunaldia. Oriotarrek lehen txandan arraunean egin zuten, eta hasieratik estropadaren buruan jarri ziren gainontzekoak atzean utzita. Jardunaldia abiatu aurretik, adituek aurreratu zuten itsasoaren egoerak marka hausteko aukerak irekiko zituela igandean, eta asmatu zuten. Oriok lau segundogatik ez zuen gainditu Castrok 2006an jarritako 19:58 denborako marka. Bigarren txandan aritu ziren Urdaibaik eta Hondarribiak estropada bikaina egin eta 18:53,52 eta 18:57,80 denboran egin zuten; eta Urdaibaik marka berria jarri zuen.

Josu Indo arraunlariak estropada amaitutakoan adierazi zuenez, sentipen gazi-gozoarekin amaitu zuten oriotarrek lehen jardunaldia. Genuen dena eman dugu uretan, eta inoiz Orioko traineruak egin duen denborarik onena lortu dugu. Dena dela, ez dugu zorterik izan, eta nahiko triste gaude. Hala ere, datorren asteko jardunaldian pentsatu behar dugu orain, eta igandean estropadari buelta ematen saiatu. Izan ere, oriotarrak uste du itsaso txarra badago edozer gauza gerta litekeela igandean. Itsaso txarrarekin ondo moldatzen gara, konfiantza handia dugu gure aukeretan. Jakin badakigu, lau taldeok oso maila ona dugula, baina kaleek zeresana izan dezakete. Ea zortea dugun.

DONOSTIAKO ESTROPADAKO 1. JARDUNALDIA
SAILKAPENA

GIZONAK
1.- Bermeo-Urdaibai 18:53,53
2.- Hondarribia 18:57,80
3.- Orio 19:03,30
4.- Kaiku 19:07,64
5.- Zierbena 19:21,78
6.- Tiran 19:31,40
7.- San Juan 19:31,40
8.- Donostiarra 19:32,48


EMAKUMEAK
1.- Hibaika 10:36,02
2.- San Juan 10:38,68
3.- Orio 10:46,60
4.- Arraun Lagunak 10:56,00
5.- Mecos 10:57,70
6.- Deusto 11:02,26
7.- Donostiarra 11:06,38
8.- Hernani 11:14,34

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide