Garaipenik lortu ez arren, "lasai" itzuli dira oriotarrak Galiziako estropadetatik

Karkara 2017ko abu. 29a, 09:00

Oriotarrak Boiroko estropadan ziaboga ematen. (Maider Celada/Eusko Label Liga)

Moañako estropadan 22 ehunenekogatik ihes egin zien XXXV Bandeira Concello de Moaña banderak. Igandean Boiron izan zuten hitzordua arraun taldeek, eta seigarren amaitu zuen Oriok.

Arraun giroa pil-pilean da. Ostegunean jokatuko da Donostiako Estropadako sailkapen proba, eta arraun taldeak horretarako prestatzen aritu dira buru-belarri. Giro ederra eta emozioa ziurtatuta izango dira hitzorduan, denboraldia hasi zenetik lehia estua baitago traineruen artean. Abuztua zirraragarria izan da arraun zaleentzat, eta oriotarrak oso gustura dira denboraldian zehar lortu dituzten emaitzekin.

Pasa den larunbatean, esaterako, 22 ehunenekogatik ihes egin zien Moañako (Galizia) banderak oriotarrei. Norgehiagoka bizia jokatu zuen eskualdeko taldeak Hondarribiaren aurka, eta azken unera arte ez zen erabaki bandera nork irabaziko zuen. Pare-parean iritsi ziren bi txalupak helmugara, baina garaipena Hondarribiarentzat izan zen azkenean. Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kide Iñaki Arostegiren esanetan, estropada borobila egin zuen taldeak, eta bandera irabazterik lortu ez bazuen ere, egindako lanarekin oso gustura ziren arraunlariak eta entrenatzailea.

Igandean Boiron izan zuten arraun taldeek hitzordua, eta Jon Salsamendi entrenatzaileak hainbat aldaketa egin zituen taldean. Seigarren postuan amaitu zuen Orio Arraunketa Elkarteko traineruak estropada, eta adituek nabarmendu zuten arraunketa eremuaren baldintzek ere ez zutela lagundu arraun taldeen lanean. Ez dugu gehiegi pentsatu igandean gertatutakoa. Hasieratik atzean geratu ginen, eta ez genuen estropadari buelta ematerik lortu. Dena dela, arraunean ondo egin izanaren sentipena zuten arraunlariek, eta lasai itzuli gara Galiziatik.

Bueltako bidaian igandeko estropadaz ahaztu eta osteguneko estropadan pentsatzen hasi da taldea. Izan ere, estropada zaila izaten da Kontxako banderaren sailkapen proba. Egun horretan jokoan izango diren zazpi postuetako bat eskuratzea izaten da helburua.

Zarauzko Bandera
Asteburuan garaipenik lortu ez badute ere, Zarauzko Bandera irabazi zuen Orioko gizonezkoen traineruak aurreko asteburuan, eta taldeari bultzada emateko garaipen garrantzitsua izan zela uste du Arostegik. Denboraldia irailari begira prestatzen dute arraunlariek, eta uztaila hasieran ligako lehen bandera irabazi genuenean, punta-puntan ibiltzeko aukerak bagenituela ikusi genuen. Zarauzko bandera irabaztea denboraldi bikaina egiteko urrats garrantzitsua izan zela adierazi du zuzendaritzako kideak, eta aurtengo sasoia Kontxako banderarekin biribiltzea gustatuko litzaieke. Donostiako Estropada irabazteko aukerak baditugula uste dugu. Zaila izango dela jakin badakigu, baina gure aukeretan sinesten dugu, gaineratu du Arostegik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide