Atzo Gipuzkoako Emakumezkoen VIII. Traineru Ligako jardunaldia jokatu zen Ondarroan. San Juanek eraman zuen XXXIII.Ondarroako Bandera, estropada 10:45,42an burututa. Orioko neskek, estropada bikaina eginez, bigarren postuan sailkatzea lortu zuten. San Juanek baino ia sei segundo gehiago behar izan zituzten lanak amaitzeko. Hibaika izan zen hirugarren, 12 segundora.
Nadeth Agirre Orio patroiaren hitzetan, aste honetan "entrenamendu oso onak" egin zituzten, eta gogo handia zuten atzoko estropada jokatzeko.
Hauek dira Agirrek KARKARAri egindako adierazpenak: "Irteeratik San Juan eta Hibaikaren erritmoari eutsi genion, ziaboga beraien parean emateko helburuarekin. Ziabogan San Juanek hartu zuen aurrena buelta, guk lau segundo gehiago behar izan genituen, eta Hibaikak gu baino bi gehiago. Gero arraunketa ona mantendu genuen, eta itzulerako luzean San Juanek kanporakoan baino tarte txikiagoa atera zigun. Irabazlearengandik ia sei segundura helmugaratuta, eta Hibaika atzean utzita, oso pozik itzuli ginen etxera."
Gizonezkoak hirugarren Hondarribian
Urdaibai nagusitu zen atzo arratsaldean Eusko Label Ligako 11. jardunaldian, Hondarribiko XXX. Banderan. 19:48,70ko denboran burutu zuen Bermeoko txalupak estropada, eta segundu bakarreko aldearekin gailendu zitzaion etxeko traineruari. Hirugarren izan zen Orio, 20:01,50ko denborarekin.