Uda sasoian bete-betean sartuta, asteburu honetan ere traineru estropadak jokatuko dituzte herriko taldeek. Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineru nagusiak Espainiako Traineru Txapelketa jokatuko du Kantabriako Castro Urdiales herrian. Bi jardunaldi izango ditu txapelketak, larunbateko saioa 18:00etan hasiko da, eta igandekoa 12:00etan. Txapelketako parte hartzaile guztiak euskaldunak izango dira, Urdaibaik, Hondarribiak, Oriok, Kaikuk, Zierbenak eta San Juanek parte hartuko baitute.
Bestalde, Espainiako Arraun Federazioak gaur goizean jakinarazi du bertan behera geratu dela emakumezkoen Espainiako Traineru Txapelketa. Hasiera batean Hibaikak, San Juanek eta Donostiako Arraun Lagunak taldeek eman zuten izena lehian, baina azken unean bi talde atzera bota dira, eta txapelketa ez jokatzea erabaki dute antolatzaileek.
Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga
Orioko emakumezkoen ontziak larunbatean Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Ligako VI. Pasaiako Ikurriña izango du jokoan, 17:30etik aurrera.
KAE 1 Ligan jokatzen duen Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bigarren traineruak Plentzian izango du hitzordua. XXIX. Plentziako Ikurriña estropada jokatuko dute bi jardunalditan banatuta; larunbatean 17:30ean hasiko da estropada, eta igandean 12:00etan.