Azken astetan Espainiako Traineru Txapelketa arraunzaleen eta arraunlarien ahotan izan da. Izan ere, ezbaian egon da astebururako aurreikusita zegoen txapelketaren etorkizuna, baina gaur goizean txapelketa jokatuko dela jakinarazi du Espainiako Arraun Federazioak. Kantabriako Castro Urdiales herrian izango da hitzordua, eta Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen trainerua bertan izango da.
Espainiako Traineru Txapelketa Espainiako Federazioak eta Kantabriako arraun federazioak antolatuko dute, Castreña arraun elkartearekin eta Castro Urdialeseko Udalarekin elkarlanean. Gizonezkoen eta emakumezkoen lehia jokatuko dira, eta maila bakoitzean zortzi taldek parte hartuko dute txapelketan.