Eusko Label eta Eusko Tren ligetako estropadak jokatuko dira larunbatean, Orion

Karkara 2017ko uzt. 5a, 13:50

Orioko estropadak aurkeztu dituzte gaur eguerdian. (Aiora LarraƱaga/Hitza)

Gizonezkoen estropada erlojuaren aurkakoa izango da, eta 17:30ean hasiko da. Jarraian emakumezkoek Eusko Tren Ligako sailkapen estropada jokatuko dute.

Gaur aurkeztu dituzte Orion, larunbatean jokoan izango dituzten Eusko Label Ligako Orioko XXVII. Estropadak bandera eta Eusko Label Ligako V. Orioko Kanpina Bandera. Estropadak larunbat arratsaldean izango dira Oria ibaian, eta Motondo eta Herriko Plaza artean kokatuko da estropada eremua. Gizonezkoek 5.556 metroko ibilbidea osatu beharko dute, lau luze eta hiru ziabogekin. Emakumezkoen estropadak berriz, 2.778 metroko ibilbidea izango du.

Gizonezkoen estropada erlojuaren aurkakoa izango da, eta traineruek sailkapen nagusiaren arabera hiru txandatan banatuta parte hartuko dute lehian. Antolatzaileek azaldu dute estropada 17:30ean hasiko dela, ohikoa baino lehenago. Modu horretan, marea dela-eta txanda batetik bestera egon daitezkeen desberdintasunak saihestu nahi dituzte antolatzaileek. TKE Ligako zuzendaritzako kide Josetxo Aranburuk aurkezpenean azaldu duenez,  "emakumezkoen estropadan parte-hartzaileak bat bestearen atzetik aterako dira, minutu bateko aldearekin, ondorioz mareak ez die horrenbeste eragingo. Horregatik erabaki dugu, gizonezkoen estropada lehenago hastea, eta emakumezkoen sailkapen estropada hori bukatutakoan jokatzea", zehaztu du.

Eusko Tren Ligako sailkapen estropada
Orioko estropada Eusko Tren Ligako sailkapen estropada izango da, igandean Donostian jokatuko denarekin batera. Bi estropadetan puntu gehien lortzen dituzten lau taldeek parte hartuko dute udan zehar Eusko Tren Ligan, eta txartela lortzeko lehian izango da Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen trainerua ere.

Elkarteko lehendakari Ibon Huegunek aurkezpenean adierazi du Orioko emakumezkoen traineruaren lehen helburua Eusko Tren Ligarako sailkatzea dela; horrez gain, ahal badute "banderak irabazteko lehian" ere izan nahi dute. "Neguan lan txukuna egin du taldeak eta egindako lanak fruituak ematea espero dugu. Hala ere, jakin badakigu aurkari nagusiak, San Juan eta Hibaika, oso indartsu daudela. Dena dela, konfiantza dugu Santi Zabaleta entrenatzailearengan eta arraunlariengan".

Herria horiz janzteko deia

Orio alkate Joxe Angel Zalduak larunbatean herria festa giroan murgiltzea espero du, eta oriotarrak estropaden jaian parte hartzera animatu ditu, "Pasa den asteburuan Sestaoko Bandera irabazi zuen Orioko traineruak eta oriotarrak ilusio handiz daude. Etxeko trainerua animatzeko herritarrak bandera horiak balkoietan jartzera eta herria horiz janztera animatu nahi ditut", adierazi du aurkezpenean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide