Udaleko bi zinegotzi Abaromendiko bizilagunekin bildu ziren atzo

Karkara 2017ko eka. 22a, 19:43

Autokarabanentzat egokitu nahi den parkingaren gaiak tentsio uneak sortu zituen bizilagun eta EH Bilduko zinegotzien artean.

Azken urtetan autokarabanen turismoak gora egin duela eta, herri askok ibilgailu hauentzako parkingak egokitu dituzte turisten joan-etorria handitzeko xedearekin. Orioko aparkalekuetan ere geroz eta autokarabana gehiago ikusten dira udaberritik aurrera, eta Orioko Udala hori erregulatzeko lanetan ari da.

Gaiak hauts dezente harrotu du Abaromendiko bizilagunen artean, parking erregulatua egiteko kokalekuetako bat ondoan dutela jakin ostean. Honen inguruko kexa azaltzeko sinadurak bildu zituzten, eta udalean idatzi batekin batera aurkeztu.

Udalean oposizioan dagoen EH Bildu alderdiak bizilagunei elkartzeko proposamena luzatu zien, eta bertako 40 herritar ingururekin egon ziren atzo iluntzean. Tentsio uneak ere izan ziren bi ordu inguru iraun zuen bileran.

Bizilagunek gehienek onartzen zuten autokarabanen gaiari irtenbidea bilatu behar zaiola, eta Orion egin daitekeela halako parking erregulatu bat, baina edozein etxaldetik urrun. Ez zutela nahi parkinga ez beren auzoan ez eta Ortzaikan, bertan ere jendea bizi delako. Autopista azpiko gunea proposatzen zuten kokaleku egoki gisa, edo herritik kanporako partzelaren bat.

EH Bilduko zinegotziek zioten orain ari direla autopista azpiko aukera aztertzen, lehen ez baitzen teknikoki bideragarria. Bizilagunek Abaromendi mahaigainean nork jarri zuen galdetuta, bulego teknikoaren proposamena izan zela erantzun zuten zinegotziek, Ortzaikako kokalekuarekin batera. Hauek sarritan azpimarratu zuten parking erregulatua egiten bada, 13 zinegotziek aho batez onartuta izango dela, eta  aurretik ordenantza berezi bat onartuta, 24 orduko zaintza, garbitasuna, okupazioa, ordutegia... bermatuko dituena.

Bizilagunek euren ahotsa Udaleko batzorderen batera iritsi bitartean lanean jarraituko dutela adierazi zuten.

EH Bilduk KARKARAri bidalitako mezu baten arabera, agintean dagoen EAJ alderdiak ezin du ostrukarena egiten jarraitu arazo honen aurrean. “Aukera guztiak mahai gainean jarri eta kontsentsuak bilatzea dagokio. Kontsentsu horren bila Orioko EH Bilduk ardura osoz jokatuko du.”

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide