Mikel Amilibia oriotarrak Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatuko du abuztuan

Karkara

Amenabar taldeko bi jokalari hautatu ditu Espainiako Selekzioak: Mikel Amilibia oriotarra eta Eneko Goenaga zarauztarra. (@EEF_FVascaBM)

Amenabar Zarautz taldeko Mikel Amilibia oriotarra jubenil mailako Espainiako selekzioak hautatu du, Georgiako Munduko Txapelketa jokatzeko. Datorren astetik aurrera taldearekin hainbat kontzentrazio egingo ditu eta txapelketa pare bat jokatuko ditu taldeak prestaketa gisa.

Ekainaren 28an hasiko dira selekzioko lan saioekin, Guadalajaran, eta bertan goizez eta arratsaldez entrenatuko dute jokalariek uztailaren 4a bitartean. Egun horretan Kroaziara abiatuko da taldea, lagunarteko txapelketa bat jokatzera. Hiru egun geroago, etxera itzuliko dira, eta sei egunetako atsedenaren ondoren, Aranjuezen egingo dute bigarren kontzentrazioa.

Aranjuezen astebetez entrenatzen aritu ondoren, 4 Nazioen Txapelketa jokatuko du Amilibiaren taldeak Errumanian. Ondorengo taldeak izango dituzte aurkari: Austria, Algeria eta Errumania bera. Uztailaren 24an etxera itzuliko dira, eta 29an azken txanpako entrenamenduei ekingo diete Madrilen. Astebetera, abuztuaren 6an, Georgiara bidaiatuko dute Munduko Txapelketa jokatzera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide