Orioko emakumezkoen trainerua hirugarren sailkatu da ligako lehen estropadan

Karkara 2017ko eka. 19a, 16:41

Orioko emakumezkoen trainerua Deustu-Bilboko II. Ikurriña jokatzen larunbatean. (Iñaki Suarez Calleja)

Asteburuan abiatu dituzte Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga, eta gizonezkoen KAE 1 Liga.

Asteburuan abiatu zituzten gizonezkoen KAE 1 Liga eta Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga. Azken horretan ez da ezustekorik izan, eta iazko denboraldiko joera bera jarraitu zuen larunbateko Deustu-Bilboko II. Ikurriña irabazteko lehiak, San Juan nagusitu baitzen Hibaikaren eta Orioren aurretik.


Erlojuaren aurkako bi luzeko estropada izan zen Bilbokoa, eta bi minutuero atera ziren ontziak. Zozketa bidez erabaki zen ontzien irteera ordena, oriotarrak esaterako bederatzigarren postuan atera ziren, San Juanen ondoren. Berrikuntza bezala, Gipuzkoako ligako lehen estropadan Saioa Sayago jubenilak hartu zuen Nadeth Agirreren lekukoa, eta gaztea aritu zen patroi Txiki ontzian.


Estropadan lan erditan Hibaikak markatu zuen denborarik onena, 05:02 denbora eginda. San Juanek ordea bigarren luze bikaina egin zuen, eta hamahiru segundo atera zizkion Hibaikari bigarren luzean. Orio (10:54:10) hirugarren postuan sailkatu zen, San Juanengandik 22 segundora. Hernani izan zen Bilbon laugarrena, talde horiak baino bi segundo gehiago behar izan zituen estropada osatzeko.


Hurrengo estropada datorren larunbatean jokatu dute emakumezkoen traineruek Pasai Donibanen, 17:30ean.


Zarautz hirugarren
Igandean KAE1 Ligako lehen estropada jokatu zen Santurtzin eta etxeko taldeak irabazi zuen bandera.  Orio Arraunketa Elkarteko bigarren taldea zazpigarren postuan sailkatu zen, 20:42.59 denbora eginda.


Gizonezkoek Getarian jokatuko dute hurrengo estropada, igandean 12:00etatik aurrera

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide