Atzo arratsaldean Urola Kostako Ertzain-etxeko agenteek Orioko Udaltzaingoaren abisua jaso zuten. Antza denez, 30 urteko gizonezko bat Orioko hainbat tabernetara sartu zen eta prezio baxua zuten edariak 50 euroko billete faltsuekin ordaintzen jardun zen. Hainbat tabernari kaltetu gertatutakoaz ohartu ziren eta gainontzeko tabernariei abisua pasa zieten.
Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, Orioko Udaltzaingoak ustezko faltsutzailea atxiki zuen herriko lau establezimendutan billete faltsuak zabaldu zituelako, eta Ertzaintzaren esku utzi zuten. Ertzaintza pertsona hori ikertzen ari da dirua faltsutzeagatik, eta epailearen aurrean azalpenak eman beharko ditu 30 urteko gizonak.