Niri ez zidaten galdetu monarkia edo errepublika nahi nuen, beste batzuk erabaki zuten nire partez. Erabakia lotua eta ondo lotua zegoela begi-bistakoa da; gainera, garbi geratu da hitz horiek indar handia zutela eta dutela, egun. Afrikako elefanteak ere horren jakitun dira.
Adinean aurrera goaz denok eta iritsiko gara hirurogei urtetik gorako garaietara. Gaur egungo pentsionistek eta erretiroa hartuko dutenek pentsio duinak behar dituzte kalitatezko bizimodua izateko. Azken urteetan, Espainian pentsioak %0,25 igo dira, praktikan jaitsiera dena. Beraz, gauden estatuan ez da lortu duintasun hori eta ez dirudi lortuko denik.
Adibide garbia 2015eko abenduaren 22an Gasteizeko Legebiltzarrean gertatu zena da. Pentsionistak Martxan elkarteak 10.000 sinaduratik gora aurkeztu zituen pentsiodunek hilean gutxieneko pentsioa 1.080 euro izateko asmoz. Legebiltzarrak eskaera ezin izan zuen bideratu Madrileko gobernuaren eskumena zelako.
Urtebete beranduago, emaitzak 2017ko otsailaren 1ean argitaratu dira, 5.000tik gora bazkide dituen Ekonomisten Euskal Elkargoko 506 ekonomistei –%10– egin zaien inkestan %57,1ek bideragarria ikusten dute Pentsio Publikoen Euskal Sistema.
Jakina da Espainiako Gobernuak Lege maila duen Gernikako Estatutua ez duela bete azken 30 urteotan. Jakina da, baita ere, Katalunian loteslea ez zen galdeketa prestatzeagatik bertako agintariei kartzela zigorrak eskatu zaizkiela. Horrenbestez, garbi dago legeen neurgailua Madrilen eskuetan dagoela eta nahieran erabiltzen duela.
Horrelakorik ez gertatzeko eta etorkizuna gure eskuetan izateko, oso garrantzitsua da maiatzaren 7ko herri-galdeketan parte hartzea. Zure senideen eta hurbilekoen, gure lagunen eta gertukoen bizi kalitatea eta etorkizuna erabakitzeko ezinbestekoa dugu informatzea eta aukeratzea. Beraz, artikuluan agertzen den informazioa pasatu zure inguruko nagusiei, guraso zein aiton-amonei, eta erabaki dezatela.
Maiatzaren 7an, zure etorkizunaz erabakitzeko parte hartuko duzulakoan,
Jexux Mari.