Kuriosoa, txakur eta ume txikiena.
Hala da. Gaztelaniaz hitz egin izan dut ia bizitza osoan zehar, baina ume txikiei hitz politak esateko beti jo dut euskarara ... Akats galantak eginez! Hizkuntza goxoa iruditu izan zait beti.
Bizpahiru urterekin euskaraz bakarrik egiten zenuen.
Egia, umetan Donostiako ikastetxe batean matrikulatu nindutenean ez nekien gazteleraz. Gazte garaian ikasketak bukatzean euskara galduta atera nintzen, ederra marka ...
Usurbilen bizi zinela, Oriora buelta asko egiten zenituen lagunengana. Dagoeneko urte dezente daramatzazu hemen bizitzen.
Hondartzan dut lagun kuadrilla. Orion euskara asko hitz egin arren, nire lagun taldean gazteleraz aritzeko joera handia izan dugu.
Zerk bultza zintuen euskara baztertzera?
Txikitatik ikastetxean, lanean, lagun artean, kalean etab. ondo integratua sentitu naiz gazteleraz eginez. Ez nuen euskara erabiltzeko benetako beharrik sentitzen.
Hala ere, hitz egin ez arren, beti ulertu izan duzu.
Bai, hori da.
Noiz sentitu zenuen euskara ikasten hasteko beharra?
Alaba jaio eta koskortzen zihoan heinean, zerbait mugitu zitzaidan barruan, berak euskaraz asko egin baitu txikitatik.
(...)
Bestalde, orain dela hiru urte langabezian geratu nintzen. Uda horretan, neska txiki batek zera bota zidan: Amaia, zure euskera oooooso arrarua da... Alegia, txarra zela benetan! Lanik gabe denbora libre gehiago nuenez, euskaltegian apuntatzea erabaki nuen. Hurrengo udan, ikasturtea pasata, ume berak askoz hobeto hitz egiten nuela esan zidan kar kar kar
Umeenak eta mozkorrenak omen dira egia borobilenak.
Hala da. 35 urte euskaraz egin gabe egon ostean, poza eman zidan euskaltegian hasita martxa onean ikasten ari nintzela sentitzeak.
Bi urte daramatzazu euskaltegian. Zer egiten duzue bertan?
Nire kasuan, egun presentzial bakarra dut: tutorearekin ordubeteko saioa etxerako lanak zuzendu eta zalantzak argitzeko, eta ordu eta erdiko mintzapraktika. Biak egun berean. Gero, astean 4 ordutik gora sartu behar izaten ditut etxean bidalitako ariketak egiten.
Euskara ikasteak ze onura ekarri dizkizu?
Lehen ere ondo integratuta sentitu naiz beti, baina euskarak, dudarik gabe, gehiago sozializatzen lagundu dit: alaba eta bere lagunekin, oraingo lantokian, kalean ... Harrotasun puntu bat ere ematen dit azken bi urteetan egindako ahaleginak bere fruituak eman dituela ikusteak.
Ikasketa prozesuan, zer egin zaizu zailena?
Zailena, idaztea. Boligrafoari Z eta S-ak bereizten irakastea. Aldiz, hitz egiteko soltura uste baino errazago ari naiz hartzen.
Betidanik Orion bizi eta euskaraz egiten ez dutenei, zer esango zenieke?
Benetako saiakera bat egiteko. Euskarak sentsazio berriak biziarazi dizkit, asko ari zait bueltan ematen. Espero gabeko egoera atsegin askotan topatu dut nire burua, eta identifikazio handiagoa sentitzen dut inguruan ditudan gauza askorekiko.