Festara

Elizabete Manterola 2017ko api. 3a, 17:53

Udaberriarekin batera iritsi zaigu oso maitea dugun festa. Egia esan, ez dakit ondo festa deitu edo ospakizuna, ekitaldia, kirol proba... Dagoeneko hasia da Euskal Herria alderik alde zeharkatzen. Bildu dira lasterka ume eta helduak, kanpotar eta bertakoak, kirolari peto eta alperzorriak. Ikusiko ditugu bateko eta besteko irudiak telebistan: milaka herritar bilduko ditu leku batzuetan; banaka batzuk besterik ez, beste batzuetan. Baina beti martxan, gelditu gabe, gau eta egun, ilusioz gainezka. Eta behin baino gehiagotan galdetuko diogu gure buruari hamar egun hauetan: non ote dabil orain Korrika? Zenbat pertsona ariko ote da saltaka goizeko 4retan astegun buruzuri batean Trebiñutik Bernedora?

Ezin esan ordu eta egunik onenean pasako denik guretik aurtengoan: asteartetik asteazkenerako ordu txikitan. Banaka batzuk hartuko dute lekukoa Mapil aldean, eta lekukoa eskuz esku pasata bilduko da jende gehiago ere herrira gerturatu ahala. Herriko kaleetan barrena dabilela irtengo da jendea leihoetara txalo egitera, eta maindire artean harrapatuko ditu lotienak. Zarautzerako bidea hartuko du segidan, eta pixkanaka jendeak erretiratu egin behar, ezin aldapa gora Korrikaren martxa segi. Baina hantxe joango dira korrikalari trebeenak furgonetaren atzetik, jai giroan eta kantuan: tipi-tapa tipi-tapa, korrika!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide