Kanpoan daudenak

Oihane Agirre: "Sentitzen den askatasun sentimendua da onena"

Karkara 2016ko abe. 14a, 09:17

Duela bi urte eta erdi joan zen Oriotik Ibizara. Lana utzi eta lan bila joan zen, motxila esperientziaz eta bizipenez betetzera. 

Zergaitik joan zinen Ibizara?

Aspalditik nuen Oriotik alde egiteko gogoa, jende berria ezagutzeko, esperientzi berriak bizitzeko, hizkuntza berriak ikasteko… Hasiera batean Australiara joatea nuen pentsatuta. Baina beldur pixkat nuenez, Ibizara joan nintzen. 2010. urtetik joaten nintzen hara oporretara, beraz, hara joatea erabaki nuen. Alde batetik lan aukera handia zegoela entzun nuen; eta, bestetik, etxetik gertuago dagoelako eta hizkuntza aldetik arazorik izango ez nuelako. Eta hemen jarraitzen dut. 2 urte eta erdi pasa dira etorri nintzenetik.

Joan zinen lehen alditik itzuli al zara Oriora?

Bai, ahal dudan bakoitzean itzultzen naiz bisita egitera. Gabonetan eta udako denboraldia hasi eta bukatzean saiatze naiz joaten.

Herrimina sentitzen duzu orduan…

Bai, familia eta lagunak asko sumatzen ditut faltan. Eta, nola ez, bertako janaria, etxean bezala inon ez baita jaten.

Ibiza eta Orio, kanpotik begiratuta behintzat, desberdinak dirudite, ala al da?

Bai eta ez. Udan ez dute zerikusirik. Mundu guztiko jendea etortzen da, bai lanera, bai oporretara, eta eromena izaten da. Joaten zaren leku guztiak topera egoten dira, dena betetzen da. Diskotekak, hondartzako txiringitoak… oso desberdinak dira.

Neguan badu Orioren tankera pixkat. Udako jende gehienak alde egiten du eta geratzen garen gehiengoa ezagutu egiten gara. Herri txiki baten antza hartzen du. Negozio gehienak ere itxi egiten dira eta pare bat diskoteka kenduta, herriko tabernak bakarrik geratzen dira zabalik.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Bertan sentitzen den askatasun sentimendua eta leku txiki bat izanda, mila gauza desberdin egiteko daukazun aukera.

Askatasun sentimendua diodanean, bertako jendeaz eta bizitzeko moduaz ari naiz. Oso jende desberdina eta irekia dago. Jende asko, ni bezala, kanpotik etorritakoak dira. Pentsamendu eta bizitzeko modu desberdinak daukagu, baina errespetu handia dago elkarren artean. Modu batera esateko, dena –janzkera, pentsatzeko modua…– ondo ikusita dago.

Egunerokotasunean, berriz, plan desberdinak egiteko aukera asko dago: hondartza eta txoko ezkutu pila daude. Urteak pasa arren, ez duzu lortzen irla osotasunean ezagutzea. Horretaz gain, merkatu hippiak, egunero festa desberdinak, kontzertuak, espektakuloak eta abar ere izaten dira.

Eta zailena?

Beroa. Euskal Herriko giroarekin ohituta, hemen udan bero handia egiten du eta gogorrena hori egiten zait, gehien bat 36 gradurekin lanean jardun behar dugunean.

Zertan egiten duzu lan?

Zerbitari lanetan aritzen naiz. Aukera ona da dirua irabazteko, propinekin diru asko egiten baita. Jendea ezagutzeko aukera ona ere izaten da. Mundu guztiko jendea etortzen denez, kanpoan lan egiteko aukera lortzeko iturri ona da. Maiatzetik urrira izaten da denboraldia eta hilabete horietan lan asko egiten da. Egunero 10 bat ordu sartzen ditugu, baina merezi du, gero negu lasaia pasatzeko aukera ematen baitizu.

Hemengo lana utzi eta horra joan zinen? 

Bai, momentu horietan Bentan nenbilen lanean. Oso pozik nengoen, baina herritik kanpora joateko gogo handia nuen. Azkenean, lana utzi eta aurrera pausoa ematea erabaki nuen.

Erabaki horrek zer nolako harrera izan zuen gertukoen artean?

Nire familiak ondo ezagutzen nau eta ez ziren asko harritu. Nahiago dute etxean geratzea, baina errespetatzen naute, betidanik nabil eta kontu honekin gora eta behera.

Ibiza parrandarekin lotzen da. Parranda asko al dago?

Kanpotik ikusita, bai. Ibiza betidanik parranda eta festarekin lotzen da. Jende gehiena horretara etortzen da oporretara, hemen dauden diskotekak izugarriak baitira eta munduko DJ on asko ikusteko aukera baitago. Milaka eta milaka lagun horretara bakarrik etortzen da.

Elektronika gustatzen bazaizu bertako parranda oso ona da. Egunero hainbat festa egoten dira eta musikaz aparte, dekorazioak, espektakuluak… harrigarriak izaten dira. Badaude reggetoia jartzen duten leku gutxi batzuk ere. Onena, hemen, asteburua egunero dela da.

Baina parranda ez da jendea mugitzen duen gauza bakarra. Horrez gain, jende asko etortzen da alor espiritualak erakarrita. Hemen energiari eta horrelako gauzei garrantzia handia ematen zaie eta ikastaro eta kontzentrazio asko egiten dira.

Inguruneak ere jende asko erakartzen du...

Bai, lehen esan dudan bezala, milaka txoko polit daude. Kala ezkutuak ur gardenarekin, kobazuloak... Kobazulo batzuetan gaua pasa dezakezu. Batzuek koltxoia eta guzti daukate, horretarako prestatuta daude. Gainera, ia urte guztian egiten du giro ona, beraz, egunero bueltatxo bat eman dezakezu leku berri bat ezagutzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide