Hilaren 7an, eguerdiko 12:00etan, plazako kioskoa herri kirol zaleek inguratu zuten. Erdian, kirolariak, Joseba Ostolazaren eskolako harri-jasotzaileak eta aizkolariak. Harri-jasotzaileen artean Gorka Etxeberria zegoen. Marka pertsonala egiten ahalegindu zen, bere pisuaren bikoitza jasotzen. Jasoaldi bat egitea nahikoa zen helburua lortzeko. Baina bi minutuko txandan 163 kiloko harria hiru aldiz jasotzea lortu zuen Etxeberriak.