Horietan elkartu dira honako elkarte, erakunde eta medioetako ordezkariak: Euskal Herriko kazetarien elkargoa, Hekimen, Arrasateko Udala, Aldundiko Hizkuntza Berdintasuna, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Puntueus fundazioa, Alea, Maxixatzen, Ttipi-Ttapa, Anboto, Baleike, CodeSyntax, Pil-pilean, Euskalherria irratia, Goiena eta MU, besteak beste.
Komunikabideetan eraldaketa handia izan da 25 urteotan. Orduan papera zen nagusi eta tokiko hedabideen oinarria, eta egun, teknologiei esker, edizio digitalek izugarrizko indarra hartu dute. Horrek, alde batetik, hedabideak ulertzeko modua aldatu du, eta bestetik, hedabideak finantzatzeko eta kontsumitzeko modua.
Horren inguruko gogoeta egiteko, bertoko zein kanpoko hamalau adituk hartu dute parte jardunaldietan; besteak beste izan dira: Kike Amonarriz, soziolinguista eta komunikatzailea; Jon Sarasua, Huheziko irakaslea; Jorge Bernet, Beleaderreko zuzendari komertziala; Eneko Bidegain, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria; Oihana Blanco, Innobasqueko ekonomia zirkularreko proiektu arduraduna; Jorge Campanillas, abokatua; Jabier Beas, Bera-Berako kudeatzailea; Francesc Fàbregas, Associació Catalana de Premsa Comarcal-eko presidentea; Ander Garcia, Vicomtech-IK4ko ikerlaria; Xavier Jiménez, Only Media Webeko zuzendaria; Joxemanuel Irigoien, Ttipi-Ttapa Fundazioaren kudeatzailea; Ramón Salaverría, kazetaritza digitaleko ikerlari eta irakaslea Nafarroako Unibertsitatean; Eli Vivas, El Periodico de Catalunyako infografia taldearen datu-kazetaritzako sailaren koordinatzailea; eta Guillermo Vilarroig, web garapenean eta on-line marketinean espezializatutako Overalia agentziaren sortzailea.
Solasaldiak eta sariak
Amonarrizek eta Sarasuak euskararen transmisio katean toki komunikabideek duten zeresanaren gainean jardun dute. Eta Kataluniatik etorri den Fàbregasek 35 urteko esperientziaren berri eman die elkartutako 150 entzule ingururi. Ondoren, edukiaren, marketingaren eta teknologiaren gaineko argibideak eman dituzte solaskideek, besteak beste, argazkiak zelan erabili legearen ikuspegitik; mezenazgoa, hau da, egitasmoak finantzatzeko aukerak; eta analitikak eta bilatzaileetako posizionamendua.
Sariak ere banatu dituzte tokiko komunikabideek egindako lanik onenak txalotzeko. Portadarik onenaren saria jaso du Hiruka astekariaren Txonbo egin-ek; edukirik onenarena Noaua aldizkariko Udarregiren omenez gehigarriak; ikus-entzunezkorik onena, Goienaren Barruak astintzen dokumentalak; eta aipamen berezia jaso du, Baleikeren Tapa Pala bideo sortak.
Jardunaldien gaineko kontu guztiak 16 orriko Puntua berezian (datorren egubakoitzekoan integratuko da edukia) jaso dituzte Goienakoek, eta opari hori besapean hartuta alde egin dute bukatu elkartutakoek.