Kanpoan daudenak

Iker Gozategi: "Etxetik, konfort zonatik, irten nahi nuen"

Karkara 2016ko urr. 21a, 12:30

Maleta egin eta Southamptonera joan zen udan Iker Gozategi. Maletan argazki kamera eta objektiboak ezin ziren falta, noski. Ingalaterra hegoaldeari erretratua ateratzen dabil, besteak beste, Gozategi. KARKARAK bere esperientzia erretratatzeko elkarrizketatu du.

Oriotik Ingalaterrara, zergatik?

Aldaketa bat behar nuela iruditzen zitzaidan. Badira urte batzuk, etxetik, konfort zonatik, irten nahi nuela: esperientzia bizi, ingelesa ikasi eta beste bizimodu bat ezagutu. Bi urtez argazkilaritza ikasketak egin ostean momenturik egokiena zela iruditu zitzaidan. Hortaz, kanpora joateko aukera desberdinak aztertu nituen.  Au pair bezala joateko aukera zen interes gehien piztu zidana. Umeak zaintzen egiten da lan eta horren truke berekin bizitzeko aukera ematen dizu familiak. Beraz, umeak gustatzen zaizkidanez, esperientzia modu honetan bizitzeko aukera hautatu nuen.

Ingalaterra hegoaldean bizi zara. Zer nolakoa da zonalde hori?

Bai hala da, Southamptonen bizi naiz. Ingalaterrako hiririk itxusienetako bat dela diote. Egia esan ez da oso polita, baina baditu bere toki xarmantak. Titanic bertatik irten zen! Gainontzean, Ingalaterrako hegoaldea nahiko polita da. Landareria mordoa dago eta, kostaldean egonda, baditu toki politak. Ikusi ditudan beste hiriak gustatu zaizkit. Hondartza daukate, portua eta itxaso gainean dauden beste pasarela horiek, gainean barrakak eta guzti dituztenak. Bestalde, parke berdez beteta daude eta oso loretsuak dira.

Erresuma Batuko zonalderik epelena dela diote. Honekin alderatuta, eguraldi aldetik oso desberdina al da?

Momentuz ez dut aldaketa handirik sumatu. Iritsi nintzenean, eguraldi hotzak topatuko nituela espero nuen, hortaz, maletan ez nuen udako arroparik sartu. Baina, hona iritsi ostean, galtza motzak eta txankletak erosi behar izan nituen. Bestalde, hemen, egun batean 4 urtaroak pasa daitezke. Eguzki indartsua edukitzetik , kazkabarrera; laino beltzez tapatuta egotetik, zeru argira. Eta guztia minutu gutxi batzuetan. Beraz, ezin duzu eguraldiaren baitan planik egin. Pentsatzen dut neguan eguraldi aldaketak ez direla horren nabarmenak edo gogorrak izango.

Gastronomiari dagokionez, gosariak oparoak eta afariak goiztiarrak bezain arinak al dira?

Gastronomia ez da herrialde honen ezaugarri aipagarrienetako bat. Janari azkarra ikaragarri dago eta haragi edo arrain freskoa topatzea oso zaila da. Dirudienez, ez zaie sukaldatzea gustatzen eta egina etortzen den janariarekin nahikoa dutela diote. Ni zorteduna naiz, hemengo familian sukaldatzea ikaragarri gustatzen baitzaie eta ia beti etxean sukaldatutako jana jaten baitugu. Gustatzen zait, baina gure herriko jana faltan sumatzen dut. Txuleta eder bat edo moztu berri den urdaiazpikoa, esate baterako.

Hemen, gurina maite dute. Ia guztia gurinaren laguntzaz jaten dute. Bestalde era guztiko saltsak dituzte eta nahiko pikante zaleak dira. Beste kulturetako janariak ere asko gustatzen zaizkie. Janari Indiarra edo Chinarra, adibidez. Badaude gauza goxoak baina ni enaiz oso pikante edo saltsa zalea.

Gosariak nahiko oparoak dira bai. Jakinda bazkaltzeko ez dutela denbora hartzen edo ez diotela garrantziarik ematen, –sandwich batekin nahikoa omen dute– baina eguna indarrez hasteko asko gosaltzen dute: hirugiarra edo babarrunak, tostadak, kafea edo esnea eta zerealak. Nik nire ohiturekin jarraitzen dut, nahiz eta batzuetan babarrunak gosaltzeko jan ditudan… Afariak gure merienda orduan izaten dira,  17:30ak - 18:00ak aldera. Hortaz, normala iruditzen zait hurrengo eguneko goizean babarrunak jateko gogoa edukitzea! Nik ordu horretan afalduta 21:30ak aldera berriz gosea izaten naiz!  Hori bai, afariak nahiko oparoak dira. Ondo afaltzen dute eta egunean zehar gastatutako energia edo indarra errekuperatzen dute.

Otorduetan nahiz otorduetatik kanpo zerbeza franko edaten omen dute. Belgikan eta Alemanian bezain beste akaso ez, baina askotariko zerbezak daude Ingalaterran ere, ezta?

Bai, zerbeza atsegin dute eta ikaragarri edaten dute hemen. Pub edo tabernetan aukera oparoa dago eta zerbeza eskatzeko garaian kaña bat eskatzearekin ez da nahikoa. Zer zerbeza edan nahi duzun esan behar duzu.  10 zerbeza-iturri desberdin eduki ditzazkete, boteiletan dituztenak kontatu gabe, noski. Baina bai, zerbeza asko gustatzen zaie!

Zu udan joan zinen. Brexita eta gero. Nolakoa da egoera?

Momentuz ez dela ezer aldatu diote. Nik behintzat ez dut ezer sumatu… Baina hiru urte barru Europar Batasunetik guztiz ateratzen direnean egoera gehiago aldatuko dela uste dut.

Joan aurretik argazki kamerarekin ikusten zintugun beti herrian. Noiz sortu zitzaizun argazkilaritzarekiko afizioa?

Badira urte batzuk zaletasun hau dudala. 14 urte nituela hasi nintzen kamara reflex batekin jolasten. Familian osabak erosi zuen kamara eta ekarri orduko nire egin nuela esan genezake. Ahal nuen guztietan kamara hartzen nion eta lagunekin argazkiak ateratzera joaten nitzen herriko edozein txokotara. Nire kabuz ikasten joan nintzen eta argazkilaritzarako zaletasuna handitzen joan zitzaidanez, 16 urterekin kamara hobeago bat erosi zidaten gurasoek.

Afizioa ofizio sortzeko asmoarekin hasi zinen argazkilaritzari lotutako ikasketak egiten, ezta?

Bai, hori da. Batxilergoa bukatu ostean argi neukan argazkilaritza ikasketak egin nahi nituela. Inguruan nituen hainbat eskola alderatu nituen eta Donostiako IVASFOT eskolak konbentzitu ninduen gehien. Bi urtez argazkilaritzako hainbat esparru ondo aztertu eta ikasi ostean, argazkilaritzarako nuen ikuspuntua aberastu zaidala esan nezake. Ikasketak amaitu ostean nire alorrean lanean hastea gustatuko litzaidake, baina zaila da. Zure kabuz, gustuz, lan asko egin behar da. Horrela ikasten joan eta argazkiak pilatzen joan behar da. Azken finean, lan munduan sartu nahi baduzu, bezeroak zuk egindako argazkiengatik kontratatuko zaitu eta horrek lan asko suposatzen du. Baina, ilusioz eta lan asko eginda, lortu daitekeela uste dut. Hala eta guztiz ere, ikasitakoa gutxi dela deritzot eta ikasten jarraitu nahi dut. Argazkilaritzarekin lotura duen zerbait: bideogintza edo diseinu grafikoa, adibidez. Baina egunero ikasten da zerbait eta sortzen diren aukerak aprobetxatzen ari naiz eta guztietatik ikasten.

Orain, kamera eskuan joan zara Ingalaterrara. Han argazkilaritzak hemen duen eragin edo funtzio berbera al du?

Baietz esango nuke. Finean, argazkiak dira. Egia da hemen, Ingalaterran, aukera gehiago dagoela eta argazkilaritzari garrantzia gehiago ematen zaiola. Hemen, Espainian ez bezala, ikasketa ofizial bezela ikasi daiteke argazkilaritza eta ikasteko aukera gehiago dauzkazu. Garrantzia gehiago ematen diote eta gehiago baloratzen dute.

 

Gero eta irudi gehiago kontsumitzen dugu. Irudiekin komunikatzen gara, informazio asko irudien bitartez helarazten da egun… Argazkilaritzaren hauspotzea al dakar horrek?

Gaur egun edozer gauzetarako argazkia erabiltzen dugu. Berri bati irudia jartzeko, momentua gordetzeko, zerbait esan nahi dugulako… Baina, argazkilaritzaren hauspotzea... ez dakit. Argazki gehiago ateratzen ditu jendeak, hori egia da. Ia denok mugikorrean nahiko kamara ona daukagu eta argazkiak maiz ateratzen ditugu. Askoz argazki gehiago kontsumitzen dugu. Ez dago egun bat argazki bat ikusi gabe pasatzen dugunik, Baina argazkiak ateratzeak ez du pertsona bat argazkilari egiten. Honekin esan nahi dudana zera da, argazkiak ateratzea oso ondo dagoela eta niri jendeak argazkiak ateratzea oso ondo iruditzen zaidala, baina argazkilaritzaren hauspotzea ez dut uste dakarrenik. Jende gehiagok du kamara profesional bat eskuetan eta argazkiak jende gehiagok egin ditzazke. Hori dela eta ,zailagoa da jende guzti horien artean desberdintzea.

Baina irudiaren indarrak eta egun daukagun erakusteko beharrak, norbanako asko argazkilari amateur bilakatu ditu...

Esan dudan bezela, jende askok dauka argazki kamara edo kalitateko handiko kamaradun mugikorra. Hortaz, edonork egin ditzazke kalitate handiko argazkiak. Baina, kalitatea edukitzeak ez du esan nahi argazkia ona denik. Jendek megapixelei ete merkatuko azken kamara edukitzeari ikargarrizko garrantzia ematen dio. Ni ez naiz horietakoa. Material ona eduki behar dela uste dut, zure emaitzak hobeak izateko eta indar gehiago edukitzeko, baina ez dut uste azken kamarak edo kalitate gehiago duen kamara batek argazkia hobeagoa egiten duenik. Askotan mugikor edo kamera zahar batekin egindako argazkiak gehiago trasmititu dezakete. Kalitateari garrantzia justua ematen diot nik.

Argazki edo irudi horiek guztiak hainbat pantailetatik eta hainbat iturritatik jasotzen ditugu. Sare sozialek, adibidez, gero eta presentzia handiagoa daukate...

Bai, argazki asko kontsumitzen ditugu pantailaren bitartez. Niri gustatzen zait, baina tarteka argazkiak paperean ikustea faltan sumatzen dut. Argazkiak sare sozialetan faktore erabilienetakoa dira. Nik sare sozialak dezente erabiltzen ditut. Kontu pertsonalak edukitzeaz gain kontu profesionalak ere baditut ete horietan nire lana partekatzen dut. Egindako hainbat saio edo nire gustuko argazkiak zabaltzen ditut. Bestalde, nire webguneko link-a jartzen dut jendeak nire weba bisitatu eta nire lana ikusteko. Orain webgune gabe nago, diseinua eta materiala berritzen ari bainaiz. Facebookeko orrialdea edo Instagrama erabiltzen dut egindako lanak eta argazkiak partekatzeko.

Sare sozialek, facebookak adibidez, porfolio gisa ere balio dute, beraz.

Nire lana partekatzeko plataforma da egun. Baina Facebooka edukitzeaz gain webgune bat edukitzea garrantzitsuagoa dela deritzot.

Sare sozialetan zabaltzen diren ia argazki guztiek filtroren bat dute. Argazkilari profesionalen egunerokoan dago Photoshopa ere…

Ikusten ditugun argazki guztiek dute filtroren bat. Ni argazkiak retokatzearen aldekoa naiz, baina Photoshopa gorrotu dut. Argazkiaren parte garrantzitsuenetako bat edizioa dela uste dut. Argazkia atera ostean ordenagailuaren aurrean orduak pasa ditzaket argazkia nire gustura jartzeko. Gustatzen zaizkidan koloreak jartzen dizkiet eta argi eta itzalak mugituz nire estiloa ematen diet. Baina ez dena sortzea ez zait gustatzen. Gorroto ditut gezurra diren argazkiak eta horregatik ez zait Photoshopa erabiltzea gustatzen. Photoshoparekin nahi duzun guztia egin dezakezu: kolorea modifikatzetik ez dagoen zerbait argazkian jartzeraino aldaketak egin daitezke, eta niri hori ez zait gustatzen, baina badira horretara dedikatzen diren profesionalak. Eta profesional horien lana aipagarria ere bada. Argazkiak nire gustura editatzeko hainbat software daude. Argazkilaritza analogikoan bigarren parte bezala hartzen zen errebelazioa. Gaur egun argazkilaritza digitalean berdin egiten da. Errebelatzeko prozesua laboratorioan egiten da, argiekin eta kimikoekin egin beharrean, software digital bidez argazkiko parametroak mugitzen dira. 

Eta, pentsatzen dut han zaudela hemengoekin harremana izateko ere baliagarriak izango zaizkizula sare sozialak

Bai, egunero erabiltzen ditut. Lagunek, familiak… zein argazki igo edo ze partekatu dudan ikusteko irrikitan egoten naiz. Jendearekin hitz egiteko ere erabiltzen dut, baita han gertatzen denaren berri izateko ere. Bestalde, hemen ezagutzen duzun jendearekin kontaktuan egoteko eta harremana ez galtzeko ere garrantzitsuak dira.

Herriminik sentitzen al duzu?

Bai, handia. 21 urtez han bizi ostean aldaketa handia izan da hona etortzea eta faltan sumatzen dut. Herritik ateratzeko momentua zela uste dut eta ez naiz damutzen, daramadan hilabete eta erdian asko ikasi dudala iruditzen baitzait. Baina, argi daukat, esperientzia hau bukatzean bueltatuko naizela.

Zer da Oriotik faltan sumatzen duzuna?

Familia, lagunak, dantza… herriko xarma. Kaletik joan eta guztiok elkar ezagutze hori; batekin hitz egiten geratu, gero bestearekin… Hori hemen ezinezkoa da, bakoitza bere kaxara bizi baita. Bestalde, gure hondartza, itxasoa, mendiak… eta euskara! Euskaldun bat ezagutzeko irrikitan nago! Aste osoa ingelesez hitz egiten pasa eta gero asteburuan lagunekin lasai hitz egiteko irrikitan egoten naiz. Ezagutu ditudanak erdaldunak dira eta gazteleraz hitz egitea tokatzen zait. Ez da berdina, nire ama-hizkuntza euskera baita.

Eta zer da, itzuliko bazina, Ingalaterratik hona ekarri nahiko zenukeena?

Ba ezdakit, oraindik hilabete eta bi aste bakarrik daramatzat hemen. Oraingoz ez dut bertara eramango nukeen ezer ikusi… Bestelako bizitza daramate, baina ez dut uste gure herrira eramango nukeenik.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide