31 ikusteko jaioak gaitun/k!

Gratxina Lertxundi, Ander Atorrasagasti eta Andoni Campos

“Gogoratzen al zarete 2018. urtean…”

Gratxina:  gogoan dut, oraindik oinez ibiltzen ia ez nekiela ere, errezibimendura jaisten ginen bakoitzean, amari galdetzen niola: ama, zergatik jaisten gara igandero herriko plazara?

Ander: edo gogoratzen dut, baita ere, Kontxako errezibimenduaren ostean herrian zehar gazteok egiten genuen bota-ura.

Andoni: gogoan dut, iraileko lehen bi igandeetan, herria horiz mozorrotu eta goizean okindegira joaterako orduan, kaleetan egoten den mugimendu eta zurrumurrua: gaur bai!

Ander: eta Orioko arraunlariak Il Gelatora Kortarekin gosaltzera joaten ziren garai hura?

Gratxina: Jose Luis ahotan, 2001. urteko herriaren buru makur aldia aipatu nahiko nuke; hura ere Kortak eraman zuen Castrora nola edo ahala .

Ander: ziur nago Altxerriri orduan sartuta geratutako arantza bere ilobak aterako duela berandu baino lehen.

Andoni: hori da hori zoramena gure traineruetako batek berriz ere Donostiako bandera ekarriko balu etxera…

Gratxina: irudia buruan grabatua daukat: Donostiako urekin lotzen den arranpa horiz; herriko plaza horiz … eta arraunlariak hain berezia den bandera hori udaletxeko bigarren balkoian astinduz.

Ander: hori 2007. urtean gertatu zen –gogoratu, orduan ere Santiagoraino joan ginela arraunei tiraka–; baina gogoan al duzue Salsamendik eta bere mutilek zortzikoan 2005ean azken Espainiako txapelketa ekarri zutenekoa?

Andoni: eta zein urte izan zen emakumeak traineruan arraunean ikusi genituen lehena?

Gratxina: 2010. urtea. Akordatzen naiz emakume koadrila erraldoi hura txalupa handia ateratzen ikustea, ni aldamenean plastikozko skiff txiki batean sartuta nengoela … Hura zen hura ilusioa!

Ander: oker ez banabil, zerotik hasitako proiektua izan zen, zeinak urtero, hobetzeko esfortzu handi bat egin zuen eta gaur egun, punta puntako trainerua da!

Gratxina: makina bider Kontxako ohorezko txandan sailkatutakoak gara: 2016ko lehen igandean, banderatik 3 segundora geratu ziren; hainbat zurrumurru eta esperantza zabaldu zen orduan ere gure herrian: neskek irabazi behar dute aurten mutilek irabaziko ez dutena …

Andoni: hala ere, urte horietan guztietan ez da izan dena ur-aparretan ibiltzekoa … Urtebetez TKE ligatik kanpo egon ginen. Hura kolpea jaso genuena gure traineru handia lehen aldiz onenen artean lehiatzen ez ikustean.

Ander: matematikoki postua galdu zutenean, Castron nintzen lanean eta ez zen giro oriotarren aurpegietan.

Andoni: traineru barnean ere triskantza gertatu zen urtebete lehenago: arraunlari beteranoak alde egin eta gazteak sartu.

Ander: zoritxarrez, oraindik TKErako erritmorik ez zuen taldea.

Gratxina: proiektu batek beti behar du izan gazteentzako aukera eta fruituak emateko denbora. Begira, Aizperrok ongi hasi zuen bidea 2016an gazteentzako, baina ez zituen nonbait, espektatibak bete.

Ander: joango ez dira ba gazteak gure klubetik … Hain pazientzia gutxirekin gazteen itxaropena zapuzten da.

Andoni: gazte askoren kasua izan zen; hemen goiko traineruan sartzeko aukerarik ikusi ez eta beste traineruetara joan ginen. Beste moduko aukera batzuk aprobetxatzeko esperantzarekin

Gratxina: dena den, Orio arraun elkarte irabazle bat izan da beti eta grin horrek bereizten gaitu inguruko taldeengandik. Horren adibide da 2017an sortu eta oraindik indarrean jarraitzen duen proiektua …

Ander: zorionez, zuek –Andoni eta Gratxina– eta beste herriko seme-alaba ugari itzuli dira gure tostartera arraunean egitera eta dena aldatzen ari da: etengabeko uberan goaz!

“…2018. Urtean, etxeko 14 neskamutil barruan zirela, 32.na ekarri genuen etxera”

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide