Honezkero jakingo duzuenez, Donostia Kulturak 1939ko Kontxako Banderaren edizioa baliogabetu egin du. Beraien webgunean agertzen da aldaketa, eta asteburuan El Diario Vasco egunkariak argitaratu du erabakia kirol atalean. Pentsatuko duzuen bezala, Orion harridura, haserrea eta negarra eragin du albiste horrek. Gaur bertan etorri zaizkigu hainbat pertsona heldu malkoak begietan dituztela, erabakia ulertezina dela esanez.
Aurtengo Kontxako Banderaren aurkezpen egunean, abuztuaren 26 goizean, sailkapen estropadako tribunetako sarrerak internetez hartu nahian sartu nintzen Donostia Kulturako webgunera, Estropadak eta Festak atalera, baina blokeatuta zegoen. Arratsaldean berriz probatu nuen eta bale. Orduan izan nuen erabakiaren berri. Bertan azaltzen zen lehengo aldiz palmaresaren birmoldaketa. Abuztuaren 25era arte balekoa zena, orain aldrebestua.
Segituan jakinarazi nien albistea Orio Arraunketa Elkarteari eta Orioko Udalari. Beraiek ezer ez zekiten. Inork ez zien gai honi buruz ezertxo ere adierazi. Hor jakin genuen, webgune-dekretuz, 1939ko bandera lapurtu zigutela.
Errespetu falta ikaragarria delakoan gaude, kasik ezkutuan adierazi baitute erabakia. Donostiako Estropadetan historian zehar hainbeste inplikatu eta lan egin duen herri bati bestelako tratamendua zor diotelakoan gaude… are gehiago Kontxako Bandera jokoan dagoenean. Gutxienez, gai horri buruz zuten kezka azaldu behar zigutela uste dugu, eta modu horretan gure arrazoiak emateko gunea ireki.
Guzti honi buruz, informazioa izan dezazuen esan behar da:
- Orio Arraunketa Elkarteak erabakiaren kontra, abuztuaren 28ko arratsalde-gauean eta posta elektronikoz, bere arrazoiak emanez txostena bidali ziela Eneko Goia Donostiako alkate jaunari eta Alfonso Gurpegi zinegotziari.
- Horrez gain, Orio Arraunketa Elkarteak, gutun ziurtatuz txosten berbera bidali zien aurretik aipatutako pertsonei.
- Gainera, Orioko Udalaren izenean Orioko alkateak bere txostena bidali zuen abuztuaren 29an, eguerdian.
Arraun Elkartearen eta Orioko Udalaren nahia jarraituz, zuzenean arduradunengana jo da, normala eta logikoa den bezala, Donostia Kulturaren webgunean azaltzen baita erabakia, eta guztion jakina da albistea.
Momentuz, oraindik ez da jaso inongo erantzunik. Baina, gaia guztiz publikoa egin denez, eta erantzunik jaso ez dugunez, zuengana gatoz azalpenak ematera.
Joxemari Olasagasti Orio Arraunketa Elkartearen izenean