Isilik zegoen Donostiako portua igande goizean. Pixkanaka, arraunlariak iritsi bezala, esnatzen joan zen; eta, goizean goizeko sargoriarekin isilpeko lana egiten hasi ziren eguneko protagonistak: traineruak txukundu, neurriak zuzen jarri, beroketak egin... Eta guztia kasik listo zegoenean, arranpla talde guztietako traineruez gain zaleek ere hartu zutenean, hasi zen arraun festa.
Uretara zihoazen traineruan desfilea hasi zen orduan, 10:00ak inguruan. Emakumezkoak lehendabizi, tartean Orioko Txiki trainerua. Xanti Zabaletaren esanetara eta Nadeth Agirreren gidaritzapean dagoen taldeak txalo artean egin zuen arranplako bidea.
Arranplatik beherako joanekoan zaleen txaloetan itxaropena nabari zen, inoiz baino ziurtasun handiagoz ikusten zuten zaleek posible zela. Baina, inork baino argiago zuten neskek. Bazekiten kapaz zirela, gai direla. Eta hori zaleei erakutsi nahi zieten, sorpresa eman nahi zuten. Eta eman zuten, gainera.
Bigarren txandan lehiatu ziren oriotarrak, San Juan, Deustu eta Hernanirekin batera. Oriotarrek lehia San Juanekin eta lehen txandako Hibaikarekin izan zuten; izan ere, beren diferentzia Hibaikak markatutakoa zen: 5:15 ziabogan eta 10:42:16 helmugan. Lehen ziabogara hirugarren postuan iritsi ziren oriotarrak, Hibaikaren eta San Juanen atzetik, 5:25 denboran geldituta kronometroa. Bigarren luzean, ordea, azkarrenak izan ziren. 5:18:62n egin zuten itzulerako luzea, San Juanek 5:19:88n eta Hibaikak 5:27:16ko denboran. Lehia estua eta bizia izan zen oso, helmugara hiru segundoko aldearekin sartu baitziren hiru ontziak.
Hiru segundoko tarteak banderaren aldeko lehian egotea dakar. Arraunlariek esan bezala, ez dute ezer galtzeko, beraz, irabaztera joango dira. Gai direla, behintzat, erakutsi dute. Eta, ondorioz, arranplako bueltako bidean are txalo gehiago jaso zituzten.
Emakumezkoen sailkapena
1 San Juan 10:39,88
2 Hibaika 10:42,16
3 Orio 10:43,62 (0:03,74 eta 0:01,46)
4 Zarautz-Getaria 11:05,44
5 Cabo 1 05:26,00 11:11,62
6 Deustu 11:17,64
7 Hernani 11:21,80
8 Donostiarra 11:24,02
Alderik apenas izan denez, hutsetik hasi beharko dute igandean emakumeek. Hankak lurrean, dena ematera joango dira oriotarrak. 11:00etan hasiko da estropada eta Zarautz-Getaria, Hibaika eta San Juanekin batera ohorezko txandan, bigarrengoan, egingo dute arraun.
Burua tira-biran eta ez arraunean
Ilusioz zeuden mutilak, baita herritarrak ere. Sailkapen estropadan bigarren egin eta gero, sinisten zuten denboraldiko zapore txarra kentzeko balio zezakeela Kontxak. Baina ezin izan du horrela izan, Kontxako lehen igandean ohorezko txandatik kanpora gelditu baitira oriotarrak. Estropadatik atera ziren itzulerako itzulian eta horren ondorioz gelditu dira banderaren aldeko lehiatik kanpo.
Ziabogara ondo ailegatu ziren oriotarrak. Lehen luzean eroso eta gustura sentitu zirela azaldu du Aizperrok, arraunean ondo ari zirela. Eta, ziabogako denborek hori erakusten dute. 9:47:00 denboran gelditu zuten kronometroa, Urdaibaik baino segundo bat azkarrago eta Hondarribiak baino lau segundo beranduago.
Itzulerako luzean, ordea, gauzak okertu egin ziren oriotarrentzat. Kaikuk olatua hartu eta beren ondora desplazatu ziren. Gertu-gertu zeuden bi ontziak, elkarri traba egiten; eta, Orioko arraunlarien ustetan, epaileak erabaki bat hartzen gehiegi iraun zuen. Denbora gehiegi pasa zen epaileak oriotarrei mugitzeko eskatu arte, eta, denbora tarte horretan, arraunkerari eta estropadari erreparatu ordez, Kaikukoekin zuten tira-biran jarri zuten fokua oriotarrek. Ondorioz, burua estropadatik atera zitzaien eta ez ziren behar adina kontzentratu.
Ordutik aurrera atzean gelditzean joan ziren oriotarrak, denbora galtzen. Joaneko luzean ez bezala, deseroso egin zuten arraun. Urdaibai izan zen azkarrena eta Hondarribia sailkatu zen bigarren, ia bi segundora. Orioko trainerua 26 segundora iritsi zen eta ohorezko txandatik kanpo gelditu zen.
Arranplara iristean burumakur ziren oriotarrak. Triste. Haserre. Zaleek, ordea, beren babesa adierazi zieten herriko arraunlariei.
Gizonezkoen sailkapena
1 Urdaibai 19:22:48
2 Hondarribia 19:24:26
3 Kaiku 19:35:34
4 San Juan 19:46:00
5 Orio 19:49:14
6 Zierbena 19:53:34
7 Tiran 19:57:86
8 Donostiarra 20:20:90
Datorren igandean ahalik eta estropadarik onena egiten saiatuko direla adierazi dute. Atzoko arantza eta estropadak utzitako zapore txarra kendu nahi dute oriotarrek.