Arrauna: 2016-2017

Zilarra eta brontzea Sevillan

Karkara 2016ko uzt. 11a, 14:53

Espainiako aulki mugikorreko txapelketa jokatu da asteburuan Sevillan. Harrobiko arraunlariek zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu dituzte. 

Partaidetza marka hautsi du aurtengo Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketak. Inoiz baino arraunlari gehiago izan dira, 1.100 guztira. Arraunlari horiek 462 ontzitan egin duten arraun, 64 elkarteren ordezkaritzan. 

Finalera hiru talde sailkatu ziren. Horietariko batek, infantil mutileko zortzikoak, seigarren postua lortu zuen. Beste bi ontziak podium postuetan helmugaratu ziren.  Kadete mutilen zortzikoak brontzezko domina lortu zuen eta kategoria bereko lemazain gabeko laukoak zilarrezko domina.

Hiru ontzi horiez gain, beste lau ontzi B finalera sailkatu ziren. Final horretara zazpigarren eta hamabigarren postuen arteko ontziak sailkatzen dira. Gizonezko kimuetan, skull bikoak, B finala irabazi zuen eta sailkapen orokorrean zazpigarren postua lortu zuten. Infantil nesken lauko skullak laugarren egin zuen, baita kadete nesken skiffak. Bi ontziak hamargarren postuan gelditu dira sailkapen orokorrean.

Kadete nesken lauko skullak ezin izan zuen finala jokatu. Arraunlari bat ondoezik sentitzen zenez, ez zuten arraunean egin finalean. Oriotarra ez zen izan ondoezik sentitu zen bakarra. Bero ikaragarria egiten zuenez, zailtasunak izan zituzten hainbat arraunlarik estropada jokatzeko.

Aipatutako zazpi ontziez gain, beste bost gehiago aurkeztu zituen Oriok Espainiako Txapelketara. Infantil nesken lauko skulla, kadete mutilen skiffa, kadete mutilen lauko skulla eta kadete nesken biko skull kategoriako bi ontzi. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide