Hurrengo urratsa: herri galdeketa

Orioko Gure Esku Dago 2016ko eka. 27a, 08:00

Hilabeteak dira herritarrei hitza eta bozka emateko asmotarekin lanean dihardugula. Jende multzo bat elkartzen gara, Orioko talde eragilea sortzeko asmoz, data zehatza jarri eta herriari galdetzeko gogoz

Ekainaren 5a erabakiorra izan zen Euskal Herriko 34 udalerritan, tartean gure eskualdean dagoen Azpeitian. Hitza eta bozka emateko aukera 125.000 herritarrek izan dute. Horietatik 36.888k bozkatu dute estatus politikoaren inguruan, %29,4k. Eta, 35.124 izan dira euskal estatu burujabe edo independentea aldeztu dutenak.

Eskualdean Azpeitia izan da urratsa eman duen lehen herria. %39,39ko parte hartzea izan da eta euskal estatuaren alde azaldu direnak bozkatu dutenen %94,62a izan da.

Orioko Gure Esku Dagok ere pauso bat eman nahi du eta pertsona guztiei hitza nahiz bozka emanda, etorkizunak nolakoa izan behar duen erabakitzeko eskubidea eman nahi die. Orain arte, GED taldearen eraginez eta bultzadaz, modu indibidual eta kolektiboan, dinamika ugari egin dira Orion, baita Euskal Herrian ere.

Ekimena sortu zenetik herriko nahiz Euskal Herriko  ekimenetan oriotarrek ere parte hartu dute. 2014an Durango eta Iruñea lotu zituen giza katearen kate-begi izan ginen; 2015ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta Bainonako hautesontzi erraldoiak eraiki ziren, eta Donostiako Zurriolako puzzleko pieza izan ginen oriotarrak ere; 2016a herri galdeketen urtea da, datorren urtean jarraipena izango duena.

Hilabeteak dira herritarrei hitza eta bozka emateko asmoarekin lanean dihardugula. 2016ko apirilaren 30ean dei egin genien oriotarrei,  kontsultarako prozesua abiatzeko. Urola Kostako beste hiru udalerrirekin ere harremanetan gaude, tartean Aiako Gure Esku Dagorekin. Guztia zehazteko dago, baina asmoa indarrak batzea da eta 2017an galdeketa elkarrekin egitea.

Hitza, erabakia eta etorkizuna gureak izango dira. Gure esku dago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide