Errioaren beste aldeko kontu pare batez, bizi-bizi. Otsailean zabaldu zituen ateak Woodstock musika akademiak. Danbolin Musika Eskolaren jardun bikainaren alternatiba gisa, instrumentu ezberdinak jotzen ikasteko beste metodo bat eskaintzen dute: kitarra, baxua, bateria, ... Ez noa gehiago esatera. Gurutzatu zubia, jo atea eta galdetu. Irribarre batekin hartuko zaituzte.
Batzuk jada gozatu dugu Woodstock-eko lehen uztaz. Hilaren 11ean akademiako ikasleek –eta irakasleek– kontzertu berezia eskaini zuten Etxeluzen. Dozena erditik gora lagunentzat, oholtza zapaltzen zuten lehen aldia izan zen: baxuaren lau soka lodiak gogoz igurtzi eta Neil Young-en bajista banintz bezala sentituz, urduritasunak ia gaixotu arren baketak fin eta naturaltasunez astinduz, edo 80.hamarkadako frontman punkien paperean sartuta, gozamena borborka. Instrumentuei beldurra galduta, lagunak eta musika elkartzearen plazera. Esentziak hor behar du, nonbait. Ederra gaua!
Mutiozabal. Ignorante hutsa naizenez, ez noa inori lezioak ematen hastera. Ordea, agintariok, entzun arren. Ontziolan edozein obra egiten hasi aurretik, bildu gaian aditu direnekin. Galdetu Orioko historiaz dakitenei, hitz egin hezkuntza alorreko jendearekin, landu zentroak izan dezakeen proiekzio turistikoa. Ahaztu alderdikeriak eta ez beldurrik izan proposamen berriei. Herrian badugu funtzionatu ez duen interpretazio zentro bat, zer egin behar ez den jakiteko primeran balio diguna.
Mutiozabal berrituak funtzionatuko badu, xede-talde ezberdinei zuzenduriko programa dinamikoa eskaintzen duelako izango da: Orioko eta Euskal Herriko eskoletako haurrak, adin guztietako oriotarrak, erromesak, herrira egun pasa datozen domingeroak, ekitaldi edo jarduera ezberdinak proposatzen dituzten ekimenekin kolaborazioak –Surfilmfestibal eta Albaolarena, kasu–...
Sinetsita nago guk uste duguna baino jende gehiagoren interesa pizteko potentziala dagoela errio bazter horretan. Ea herriari freskotasun pixka bat emango dion zerbait egiten asmatzen dugun.
Woodstock eta Mutiozabal aldera begira, ariyo denoi moila bazterretik. Plazer hutsa izan da!